Oroigarri, antzerki eta eskulanen artean borobildu dute ikasturtea Azpilkuetako eskolan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 22a

Azpilkuetako herritik partituta, Gerra Zibileraino denboran gibelera egin dute Azpilkuetako eskolako ikasleek, eta Azpilkueta 1936-1996 antzerkia aurkeztu dute. Horrez gain, eskulanetan ere ibili dira eta herriz herri ibiliko diren bi buruhandi egin dituzte.

Antzerkiaren argazkiak: Rafa Bolaños

Pasa den ortziralean akitu zuten ikasturtea Azpilkuetako eskolan, buru-belarri lanean aritu dira hiruhileko osoan eta herriz herri, bestaz besta ibiliko diren bi buruhandi aurkeztu dituzte (6. argazkia). Herriko sanferminetan estreinatuko dituzte biak.

Horretaz gain, ikasturteko azken egunean zaharberritu gabe duten eskolako ganbarara igan ziren ikasleak; ganbara oholtza bihurtu eta han eskaini zuten eurek sortutako Azpilkueta 1936-1996 antzezlana. Obra hirugarren hiruhilekoaren emaitza izan dela azaldu dute eta Azpilkuetako herria abiapuntu hartuta, pausuz pausu gibelera egin zuten Gerra Zibileraino (1936-1939). Bide horretan, gerra garaiko kontuetan eta baita ondorengo errepresio urteetan ere murgiltzeko gomita egin zioten publikoari. 

Antzezlanak ibilitako bidea

Obra bi zatitan bereizi zuten. 1936ko estatu kolpearekin hasi zen kontakizuna, herrian izan zuen eragina bistaratuta: beldurra, banaketak, erbestea, hizkuntzaren debekua eta askatasunen galera. Bigarren zatian, berriz, gerrak herrian utzitako ondorioak erakusteari ekin zioten: errepublikaren alde borrokatu zirenen sufrimendua, frankisten armadara behartuta joan ziren gazteen bizipenak eta Frantziarako ihesbidea hartu behar izan zuten familien egoera, bertzeak bertze. Bide beretik, emakumeek bizi izan zituzten egoera lazgarriak ere gogora ekarri zituzten. 

Momenturik hunkigarrienetarikoa bukaeran eman zen, 1996an, hobi komun batean fusilatutako herritar baten gorpuzkiak aurkitu zituztenean. Haien hitzetan: «Memoria historikoaren garrantzia eta oraindik ere argitu gabeko zauriak gogoratuta».

Azkenik, «memoria, errespetua eta bakea» aldarrikatzen dituen bertso batekin jaitsi zuten oihala eta ikasturtea «ezin hobe» akitu zutela aipatu dute: «Historia ezagutzea eta iraganetik ikastea ezinbertzekoa dela gogorarazi dugu».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun