Proiektu bateratu hauek «diziplina artekoak dira eta, beraz, irakasgai guztien inplikazioa dute, mailaz mailako ikasle eta irakasleena bezala. Helburuak ezberdinak izanik ere, gure ingurumen, eskualde eta gizartea dituzte helburu. Hortaz, DBH 1. mailako Baztan Ezagutu proiektuan, ikasleek eskualdearen ezaugarrien (orografiko, kultural, sozial, natural…) kontzientzia hartzeko ahalegina egiten da. DBH 2. mailako Baztan Zaindu proiektuan ondarearen kontzientzia hartzen dute eta ingurumenaren zaintza, ondare kultural, kirol etab. mantentze lanetan jarduten dute. Azkenik, DBH 3. mailako Baztan Anitza proiektuak ikusmira zabaltzen du eta aniztasunaren lanketa egiten du modu integratzailean: izan aniztasun fisikoa, kultural, hizkuntzarena…».
Urtero, proiektuen ekoizpenekin erakusketa egiten dute ikastetxean, baina aurten erakusketa horrek ikastetxeko mugak gainditu eta Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean egon da ikusgai, batez ere Baztan Zaindu proiektuan sortutakoekin, ekainaren 8tik 12ra bitarte. Bertaratzeko gonbidapena irekia bazen ere, inguruko ikastetxeei gonbidapen berezia egin zitzaien eta bertaratu egin ziren herrietako eskolakoak, Elizondoko eskolakoak eta Baztan Ikastolakoak.