Baztango Udalak garbigunearen balorazio «arras positiboa» egin du bere irekieraren urteurrenean

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 18a

3.500 herritar baino gehiagok erabili dute zerbitzua eta bereizten den hondakinen kopuruak % 70ean egin du goiti. 25 tona material berrerabilpenera bideratu dituzte.

Ekainaren 16an urtea bete zen Baztango garbiguneak ateak ireki zituenetik Iruritako Zaldubia poligonoan. Bertan komertzio eta zerbitzuetako hondakinak eta hauen parekoak direnak biltzen dituzte: tamaina handiko hondakinak, hondakin berezi edo arriskutsuak, arropak edo ehunak… Herritarrek hondakinak haien kabuz eramateko aukera dute, eta zerbitzu hori osatzeko atez ateko traste handien bilketa eta birziklapen etxola ttikietako bilketa zerbitzua ere eskaintzen dute.

Garbigunera egoera kaskarrean dauden edota egoera onean egonik ere, behar ez diren materialak eramaten dituzte. Bertan azterketa eta balorazioa egiten dute: hondakina izatekotan, materialak gaika bereizi, behar bezala sailkatu eta kudeatzaile baimenduen bidez garraiatuak eta tratatuak izateko pilatu eta prestatzen dira. Egoera onean dauden materialak bigarren bizitza bat emateko edo hauen berrerabilpena ahalbidetzeko bereizten eta gordetzen dira.

Izan ere, «Baztango garbigunearen helburua nagusiak dira sortzen den errefusa kantitatea murriztea eta hondakinen prebentzioa edota berrerabilpena sustatzea». Bertan, «argi ikusi da batzuentzat hondakin edo balio gabea dena bertze aunitzendako arras baliagarria suertatzen ahal dela momentu jakinetan. Zentzu honetan garbigunea elkartrukerako eta kudeaketa egokirako espazio ezin hobea bihurtu da».

Lortutako datuak «eraikinaren eta zerbitzuaren arrakastaren adierazle garbiak dira. Urtebete egin dugun honetan  3.500 herritar baino gehiagok erabili dute zerbitzua eta bereizten den hondakinen kopuruak % 70ean egin du goiti, errefusa edo ez birziklagarria den kantitatearen goraka handirik gabe (% 11 bertzerik ez da igo errefusa). Adibide batzuk ematearren, traste elektriko eta elektronikoen hondakinen bilketak % 142an egin du goiti eta hondakin arriskutsuenak (pintura poteak, kutsatutako ontziak, etab) % 25ean. Hala ere, daturik inportanteena da hondakin bihurtzea saihestu eta berrerabilpenera bideratu den material kantitatea: 25 tona pasa material ekonomiaren zikloan sartzea lortu da, hauek zabor izatea saihestu eta bigarren bizitza bat emanez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun