«Aitzineko alkateak, lau urteren ondotik, bere kargua uzteko nahia adierazi zuen. Ikusirik inor ez zela bere kargua hartzera animatzen, neure burua aurkeztea pentsatu nuen. Ez nuen sekula neure burua alkate moduan imajinatu, baina batzuetan pauso bat aitzinerat eman behar da».
«Herritarren eta udalaren arteko zubi lana egitea» da bere ardura nagusia, «hau da, herritarrek dituzten eskaera, iradokizun edota kexak udalera bideratzea. Honez gain, ekintzak antolatu, auzolanak eta batzarrak deitu eta herritarren eguneroko beharrei erantzuten saiatzea. Lan isila da aunitzetan, baina herriak aitzinerat egiteko beharrezkoa».
Hala ere, aitortu du «ez dela beti erraza» herriaren izenean solastatzea, «batzuetan ardura da, eta jakina da ezin direla denak gustura utzi. Baina gure lana batez ere herritarrak aditzea, iritzi desberdinak errespetatzea eta denon onerako erabakiak hartzen saiatzea da. Horrek lana errazten du». Eta noski, lan taldea du gibeletik: «sei gara alkatetza taldean eta erabakiak denon artean hartzen ditugu. Horrek aunitz lasaitzen nau. Herri baten ardurak ez du pertsona bakar baten bizkar gelditu behar. Ideiak partekatzen ditugu, eztabaidatzen ditugu eta elkar laguntzen dugu. Talde lana ezinbertzekoa da».
Herrian ikusten duen «beharrik handienetako bat» da haurrendako parkea: «Arizkunen gaur egun ez dugu parkerik, eta orain eskolako patioa handitzeko aukera ailegatu da. Gustatuko litzaiguke haurrek eta familiek elkartzeko eta gozatzeko gune atsegin bat izatea, eta hasiak gara horri buelta batzuk ematen».
Suen esperoan
Besta «aunitz» gustatzen zaiola dio Jaurenak, «baina azken urteetan, haur ttikiekin, egiteko aukera gutti izan ditut…». Hala ere, «egun bereziak dira, batez ere San Juan bezperako suek, ezkila jotzeak eta ondotik egiten den antzerkiak sortzen duten giroa». Baina momentu bat aukeratzekotan: «lehenbiziko eguneko baztan zopetan mahai inguruan sortzen den giroa. Lehenbiziko eguna izanik, herritarrok gogo handiarekin hartzen dugu otordua». Zer falta duten galdetzean, berriz, «ez dut inoiz horretan pentsatu» dio, «baina eskatzen jarriz gero, lehen izaten zen arratsaldetako dantzaldia. Belaunaldi ugari elkartzeko aukera ederra da, eta uste dut giro polita sortzen dela».
Azkenik, «herritarrei egun zoriontsuak opa dizkiet, elkarrekin gozatzeko eta momentu ederrak elkarbanatzeko aukera izan dezagun. Gora Arizkun eta besta on denei!».