Energia berriztagarriak

Iduzki Komunitate Energetikoa aurkeztu dute Erratzun

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 12a

Hondar hilabeteetan elkarte berria sortzeko eman diren urratsen inguruan aritu ziren eta komunitatearen helburu eta asmoak plazaratu zituzten

IDUZKIk, Erratzuko Komunitate Energetikoak, bere aurkezpen publikoa egin zuen joan den ortziralean Etxeleberteko Elkartean, arrakasta handiz. Bertan hitza hartu zuten Iker Teresek, Artelan taldekoa, Lorea Lizarretak, Baztango Udalaren ordezkaria, eta elkartea martxan paratzeko osatu zen talde eragileko Ainhoa Almandoz, Joxe Itoiz, Jabi Irigoien eta Koldo Uribe-Etxebarriak.

Hondar hilabete hauetan elkarte berria sortzeko eman diren urratsen inguruan aritu ziren, baita etorkizuneko helburu eta asmoez ere. Gainera, energia burujabetzaren bidean zein proiektu paratuko diren martxan azaldu zituzten. Akitzeko, IDUZKIko bazkide izateko eman beharreko urratsak eta epeak zein diren kontatu zuten.

Bazkidetza kanpaina ekainaren 21ean akituko da eta argibide/bazkidetza puntua irekiko dute Lixutegian ekainaren 17an, asteazkena, 17:00etatik 19:00ak artio. IDUZKIko kideak han izanen dira beharrezko informazioa emateko eta bazkidetza inprimakiak osatzen laguntzeko. Bertzalde, Altxuko dendan ere paratu dituzte inprimakiak betetzeko.

Bazkidetza kanpainak 50 kidetik goiti bildu ditu hondar egunetan eta aipatzekoa da Erratzuko talde eragile guztiek parte hartuko dutela IDUZKIn: Ertzuin guraso elkarteak, Etxelebert elkarteak eta MilePetatzu kirol eta kultur elkarteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun