Baztan eta Baigorri arteko harremanak sendotzeko topaketa egin dute Erratzun

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 11

Aurten ere Baztango Udalak eta Baigorriko Herriko Etxeak Baztan-Baigorri topaketak antolatu dituzte, bi ibarren arteko harremanak sendotu eta euskararen sustapena helburu nagusi hartuta. Ekainaren 5ean egin zuten hitzordua Erratzun, eta 10 eta 12 urte bitarteko 24 gaztetxok hartu zuten parte.

Egitarau oparoa prestatu zuten, eta parte hartzaileek egunaz ederki gozatzeko aukera izan zuten. Lehenbizi elkar ezagutzeko jostetak egin zituzten. Ondotik, bakoitzak bere herriko inauterien berri eman zien gainerakoei: tradizioak partekatu, jantziak erakutsi... Topaketarekin akitzeko, Ameli ipuin kontalariarekin izan zuten saioa: bertan, Lurdes Iriondoren istorioa ezagutu eta haren kantuak elkarrekin abestu zituzten.

Topaketaren balorazioa arras baikorra izan da. Bi aldeetako irakasleek eta teknikariek nabarmendu dute halako ekimenek duten garrantzia, eta «mugaren bi aldeetako harremanak sendotzen eta euskararen inguruko elkarlana sustatzen segitzeko beharra» azpimarratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun