Ospakizun guzietan bezala, aitzinetik prestaketa lanak egin behar dira. Horretarako, ortzirale goiz osoan eskolako haur eta maistrak museoaren prestaketari ekin zioten. Tokiko ohiturei jarraiki, lan neketsu eta sendo baten ondotik gosari goxo bat egiteko aukera izan zuten. Herritarrak, aldiz, besta egunerako prestaketak antolatzen aritu ziren larunbatean. Goizean jendetza bildu zen hurrengo egunerako dena prest edukitzeko.
Besta egunari hasiera emateko, suzirien ondotik, herriko trikitilariek karrikak alaitu zituzten. Gero, eskolako haurrek eta maistrek ikasturtean egindako lan bikaina ezagutzeko aukera eman zuten: eskolaren inguruko informazioa eta argazkiak bilduz, museo dotore bat sortu zuten. Herritar guziak gonbidatu zituzten aurkezpenera, eta denen aitzinean erakutsi zuten egindako lan ederra.
Ondotik eguneko une hunkigarrienetako bat etorri zen: eskolako zuzendari eta maistrari, Maite Oteiza eta Leire Onsalori, ikasleek omenaldi ttiki bat egin zieten, herriaren eta eskolaren alde urte hauetan egindako lan eta ahalegin guztiarengatik esker onak emateko.
12:00etan, giroa berotzen hasteko, mus eta frontenis txapelketak jokatu ziren. Bazkal aitzinetik, berriz, nostalgia eta irribarreak izan ziren nagusi; Mikel Hualderen eskutik, argazki jendetsua atera zen eskolatik pasatako hainbat belaunaldirekin eta herriari aurreskua dantzatu zitzaion urte hauetan guzietan eskolaren parte izateagatik.
Herri bazkarira zigatar eta eskolatik pasatako familia eta ikasle gehienak hurbildu ziren, eskolari azken agurra elkarrekin emateko asmoz. Mahaiaren bueltan, Izaskun Igoaren eskutik, bizipenetan oinarritutako ipuin bat eta bertso hunkigarriak entzuteko aukera izan zen, bertaratutako guzien bihotzak ukitu zituztenak.
Arratsaldean gorputza pixka bat mugitzeko garaia ailegatu zen Santxotenaren eskutik izandako dantzaldian. Bitartean, herriko ttikienek puzgarrietan jostatuz eta gozatuz pasa zuten arratsaldea.
Aipatzekoa da, besta giroaz gain, elkartasunak ere bere tokia izan zuela egun osoan. Gorka Goñiren aldeko postua jarri zen, txapak eta eskumuturrekoak eskuratzeko aukerarekin, eta horrez gain, herritar batzuek euren lanak ere zozketatu zituzten kausa honekin bat egiteko.
Berriz ere argi gelditu da Zigak baduela indarra eta elkartasunerako sena, eta etapa bat hesten bada ere, aitzinera segitzeko grina erakutsi du.