Musika, elkartasuna eta giro polita Berroetan minbiziaren kontra

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 8a

Joan den larunbatean, arratsalde freskoa eta Baztango langar tipikoa egin bazuen ere, 260 bat lagun bildu ziren Berroetako elizan hain garrantzitsua den arrazoi baten alde. Kontzertu solidarioak arrakasta handia izan zuen eta 3.745,46 euro bildu ziren; diru hori guztia minbiziaren aurkako ikerketara bideratuko da, Navarrabiomed Fundazioaren bitartez.

Argazkiak: Josu Inziarte / Testua: Andion Iriarte

Familiako eta hurbileko giroa arnastu zen bertaratutako guztien artean. Eliza barnean Baztango Mindeitzeren, Joana eta Olaiaren, Gaztelu taldearen, Gartxito anaien, Yorrick Troman, Liesbeth Baelus eta Jacques-Alexis Marconek osatutako hirukotearen eta Gandeia taldearen emanaldiez gozatu ahal izan genuen. Bertzalde, Guy Saldubehere eta bere Menditarrak taldea berandu iritsi ziren ekitaldira ezusteko batengatik, eta horregatik haien saioa elizaren atarian egin zen, kontzertuari akabera emanez.

Ondotik, herriko bizilagunek lunch bat prestatu zuten elkartean, eta han kantuak eta solasaldi politak jarraitu zuten partaideen eta herritarren artean. Besta modu politean luzatu zen gaueko 21:30ak arte.

Antolatzaileek esker mila eman nahi dizkiete helburu handi honen alde giro on hori lortzen lagundu zuten pertsona guztiei. Gainera, gogoratu nahi dute Navarrabiomed Fundazioaren kontu zenbakia, ES47 2095 5992 3091 2382 1902, irekia dagoela oraindik ere laguntzen segitu nahi duen edonorentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun