«Gaztetan halako esperientziak bizitzea aberasgarria da»

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 6a

Jaime ZALBA LARRUY, Suitzan bizi den elizondoarra.

«Aukera ona» iruditu zitzaiolako egin zituen Diseinu Industrialeko Ingeniaritza ikasketak Jaime Zalba Larruy elizondarrak, «etorkizunerako aukera handiak eskaintzen zituelako eta zerbait praktikoa egin nahi nuelako». Hasiera hartan, Euskal Herrian lanean aritzeko aukera ere izan zuen; «Hilabete batzuk» pasatu zituen enpresa bateko «mekanizazio lerroan». Baina «ikasten segitzea erabaki nuen» eta Erasmus programarekin, kanpora joan zen.

Elizondotik Londresera, eta Londrestik Suitzara

2018an utzi zuen sorterria. «Eta geroztik beti atzerrian bizi izan naiz». Urteotan, «Europan eta Ameriketan» ibili da, eta kontent dabil, «esperientzia berriak bizitzea eta bizitzari bertze ikuspegi bat ematea beti gustatu» izan zaiolako. Gaur egun, berriz, Suitza du bizileku. Hiru urte daramatza han bizitzen. «Lehen Erresuma Batuan egon nintzen, Londresen, baina bizi-kostuengatik eta segurtasuna okertu zelako, egoera nahiko konplikatua bihurtu zen». Orduan hartu zuen Suitzako bidea, «egonkortasun handiagoaren eta soldata duinaren bila». Bere hitzetan, «lan egiten baduzu, hemen nabaritzen da».

«Lan egiten baduzu, hemen nabaritzen da»

«Hasmentak beti izaten dira zailak». Hala uste du, «batez ere hizkuntza ez denean zurea». Eta lana bilatzea ere hasmentan zaila izan zela onartu du: «Inork ez dizu deus oparitzen. Hizkuntza eta esperientzia falta oztopo dira. Baina ingeles maila ona baduzu, ate aunitz irekitzen dira». Hori bai, «hasmentan, edozein lan hartzeko prest» egotea garrantzitsua delakoan dago, «eta gero, pixkanaka hobetuko duzu. Momentu horietan, zure malgutasuna, egokitzeko gaitasuna eta egoerei aurre egiteko erresistentzia probatzen dituzu».

«Nazioarteko jendearekin lan egiteak aunitz ematen du: bertzelako ikuspegiak ezagutzen dituzu eta hori aberasgarria da»

Bere kasuan, «denbora bat lan bila» pasatu omen zuen, eta azkenean, Zürichen eman zioten aukera. Hantxe segitzen du. Zürich aldeko herri batean bizi da, «arras herri lasaian. Familia aunitz bizi dira eta jende aunitz etortzen da Europako bertze herrialdeetatik. Populazioaren zati handi bat atzerritarra da». Gainerakoan, «segurtasun handia» dela eta «oro har, denak ongi funtzionatzen» duela gehitu du: «garraioa puntuala da eta zerbitzuak eraginkorrak dira. Mediku asegurua nahitaezkoa da eta ez da merkea, baina arras kalitate oneko zerbitzua da». Eguneroko martxa ere antolatua du: «Lana, kirola, alemana ikasi... Egunak nahiko beteak ditut». Gehiago ere bai: «Nazioarteko jendearekin lan egiteak aunitz ematen du: bertzelako ikuspegiak ezagutzen dituzu eta hori aberasgarria da».

Agerian utzi du Suitzan «gustura» bizi dela, eta ez du sobera pentsatu gerokoan: «Ikusiko dugu. Aukeren arabera erabakitzen dut. Momentuz, hemen nago eta gustura nago. Elizondora bueltatzea aukera bat da, baina ez dut presarik». Akitzeko, kanpora joatekotan direnendako gomendioa: «Ingelesa ongi ikasteko, ate aunitz irekitzen dituelako, bai lanean, bai pertsonalki. Gaztea zarenean eta ardura guti dituzunean, esperientzia hauek bizitzea arras aberasgarria da, eta perspektiba aunitz aldatzen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun