Jesus Goñi bertsolari oronoztarra omenduko dute Altsasuko 'Diasporaren ahotsak' jardunaldietan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 5a

LAIA Ikerketa Taldeari utzitako argazkia.

Ameriketan euskal bertsolaritzaren ordezkari esanguratsuenetako bat da gaur egun, euskarari zein bat-bateko bertsolaritzari eutsiz diasporaren testuinguruan

LAIA Ikerketa Taldeak Diasporaren ahotsak euskal emigrazioari buruzko nazioarteko sinposioa antolatu du ekainaren 19an eta 20an Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Jardunaldiek XIX. eta XX. mendeetako euskal emigrazioa izanen dute ardatz, «bereziki Ameriketara egindako migrazio prozesuak eta diasporaren inguruko memoria».

Sinposioak emigrazioarekin lotutako hainbat gai landuko ditu: ahozko memoria, identitatea, hizkuntza, komunitate bizitza eta kultur transmisioa… Egitarauak solasaldi akademikoak, mahai inguru bat, LAIAko kideen ikerketen aurkezpenak, Jesus Goñi bertsolariaren omenaldia eta herritarrei irekitako bertso bazkaria bilduko ditu.

Parte hartzaileen artean izanen dira University of Nevada-Center for Basque Studies erakundeko, EHUko, NUPeko eta Euskaltzaindiko ikertzaileak, baita Ameriketako euskal emigrazioaren memoria lantzen duten hainbat kultur eta dibulgazio egitasmotako kideak ere.

Jesus Goñiri omenaldia

1947an Oronoz-Mugairiko Barbereneko bordan sortu zen Jesus Goñi Telletxea. Etxean hartu zuen artzaintzarako eta bertsotarako afizioa, eta gazte joan zen Ameriketako Estatu Batuetara. Urte luzez Nevadan eta Idahon bizi izan da, eta euskal bertsolaritzaren ordezkari esanguratsuenetako bat da gaur egun, euskarari zein bat-bateko bertsolaritzari eutsiz diasporaren testuinguruan. Artzain, eraikuntzako langile eta bertsolari autodidakta izan da, eta hamarkadetan parte hartu du euskal jaialdi, kultur topaketa eta hainbat estatutako bertso saioetan.

Bere ibilbideak «emigrazioaren, herri kulturaren eta memoria kolektiboaren arteko lotura irudikatzen du. Omenaldiak haren ekarpen kulturala eta giza ekarpena aitortu nahi ditu». Ekainaren 20an 13:00etan izanen da omenaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun