Bestak 2026

[ARGAZKIAK] Giro polita Baztangoizako bestaren bigarren edizioan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 2a

Goizean herri kirol erronka egin zuten taldeka eta Amaiur izan zen irabazlea. Bazkaltzeko 230 pertsona inguru elkartu ziren frontoian, eta arratsaldean musika izan zen nagusi. Lekukoa orain azpilkuetarrei pasatu diete eta haiek antolatuko dute besta 2028an.

Argazkiak: Ixabel Aleman eta Axun Elizalde / Testua: Ane Goienetxe

Larunbat honetan Baztangoizako besta izan genuen Amaiurren. Bigarren urtea da besta hau ospatzen dugula, 2024an egin baitzen lehenbiziko aldiz Arizkunen.

11:00etan herri kirolak izan genituen herriko plazan, alde batetik haurren eta bertzetik helduen taldeak plazaratu genituen Arizkun, Azpilkueta eta Amaiurrek. Giro onean, lehia polita ikusteko aukera izan zuten plazarat hurbildu zirenek.

Ondotik, 230 pertsona inguru elkartu ginen frontoian herritarrek prestatutako zikiroa bazkaltzera. Bazkalondoan kantak eta dantzak ez ziren faltatu, Kuxkuxtu txaranga hor baitzagon arratsaldea alaitzeko.

Baino besta ez zen hor akitu, goizeko ordu ttikiak arte izan zen musika: iluntzean Olgetan erromeria izan genuen eta eguna akitzeko DJ Jotatxo. Tartean indarrak hartzeko Perurena Burgerreko hanburgesak afaltzeko aukera ere izen zuten bertaratu zirenek.

Mila esker Amaiurrerat hurbildu zineten guziei, egun ederra pasatu genuen baztangoizarrek! 2028an Azpilkuetan elkartuko gara berriz!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun