[ARGAZKIAK] Giro ezin hobea Baztango XXXI. Mendi Itzulian

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 1a

Lainoek mendiak estali bazituzten ere, 573 lagunek parte hartu zuten itzulian 

Argazkiak: Utzitakoak

Baztango Mendigoizaleek aurtengo mendi itzuliaren balorazio ona egin dute: «aski ongi atera zen, Euskal Herriko zoko guzietatik etorri ziren parte hartzaileak eta kontent gelditu ziren ibilbidearekin. Jendeak aunitz estimatzen du urtero aldatzen dugula herria eta ibilbidea. Hori da gure berezitasunetako bat, eta jende aunitz erakartzen du».

Elbeten hasi eta akitu zen bide zirkularra, eta bi ibilbide egiteko aukera izan zen, motza 24 kilometrokoa eta luzea 31,5 kilometrokoa. Jende kopuru aldetik «gure topetik hurbil ibili ginen: 573 lagunek parte hartu zuten. Itzulia gehienez ere 600 pertsonendako antolatzeko gaitasuna dugu eta hortxe ibili ginen. Horietatik ibilbide luzea 250 bat batek egin zuten, eta gainerakoek motza. Urtetik urtera geroz eta jende gehiagok hautatzen du ibilbide luzea».

Horrez gain, «elbetearren laguntzarekin antolatu genuen dena herriko frontoian, abiatzea eta ailegatzea. Parte hartzaileei janari plater bana eman zitzaien akitzean eta ibilbidean ere kontrolak zeuden jateko eta edatekoarekin. Klubaren aldetik 50 lagunetik goiti aritu ginen bidea pentsatzen, markatzen, txukuntzen…».

Azkenik, izen emateekin lortutako diruaren puska bat Gorka Goñiri laguntzeko izanen da, Gurekin Zaude elkartera bideratua, «eta klub gisa ere ekarpen ekonomikoa eginen dugu. Aurtengo itzulian gure bihotzak Gorkarekin egon dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun