Zuzendaritzari Laguntzeko Goi Mailako 2+1 prestakuntza ireki dute hirugarren urtez Elizondon

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 1a

Ikasleek titulazio bikoitza lortzeko aukera izanen dute eta aurten, berrikuntza moduan, modalitate erdipresentzialean eskainiko dute, lana eta ikasketak uztartzeko helburuarekin. Gaur hasi da izen ematea eta ekainaren 10era arte egiten ahalko da. Ortzegunean, informazioa emateko eta zalantzak argitzeko saioa eginen dute Lanbide Eskolan 16:00etan.

Elizondo Lanbide Eskolak hirugarren ikasturtez eskainiko du Zuzendaritzari Laguntzeko Goi Mailako Lanbide Heziketako zikloa, Administrazio eta Finantzetako Goi Mailako zikloaren osagarri moduan aurkezten den eskaintza modularra. 2+1 programa berriari esker, ikastetxean bertze ikasturte bat eginez, Goi Mailako Lanbide Heziketako bi gradu lortzeko aukera ematen die:

  • Administrazio eta Finantzetako Goi Mailako Teknikari titulua
  • Zuzendaritzari laguntza ematea Goi Mailako Teknikari titulua

Zikloa ikasturte gehigarri gisa antolatuko da, modalitate erdi presentzialean egiteko aukerarekin, lan merkatuan txertatuta dagoen edo txertatzeko asmotan dabilen ikasleak lana eta ikasketak uztartzeko helburuarekin.

Formazioa praktikoa izanen da eta erakundeen ekitaldien antolaketan, protokolo eta komunikazioan, agenden kudeaketan eta bidaien antolaketan oinarrituko da. Gainera, praktikaldia enpresa eta eskola uztartuz eginen da, programa DUALA jarraituz.

Onarpen prozesu arruntean zikoaren izen ematea ekainaren 1etik 10era eginen da, behin-behineko zerrenda ekainaren 30ean ezagutuko da eta behin-betikoa uztailaren 15ean. Hortik aitzinera, onartuak izan direnek matrikula egiteko epea uztailaren 16tik 20ra izanen dute.

Ekainaren 4an informazioa emateko eta zalantzak argitzeko saio irekia eginen dute 16:00etan ikastetxean. Bertaratu ezin duenak eta informazioa nahi badu 848 43 16 32 telefonoan eta ieselizo@educacion.navarra.es helbidean argibideak lortzeko aukera izanen du, baita Nafarroako Hezkuntza Departamentuko web orrian ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun