Palestina

Baztango Udalak babesa eman die palestinarrei eta flotillako kideei

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 29a

Atzoko osoko bilkuran udalak EH Bilduren mozioa onartu zuen, EH Bildu, Zurekin Baztan eta Geroa Bairen aldeko 10 botorekin, UPNren kontrako boto batekin eta Baztango Independenteen abstentzio batekin.

Joan den astean Israelek Global Sumud Flotilla geldiarazi zuen eta bertako kideak bahitu, tartean Hegoa baztandarra. Flotillako kideak askatu badituzte ere, Baztango Udalak gertakaria salatu du eta «erabateko babesa» eman die flotillako kideei eta «palestinar herriari, Israelgo estatuaren partetik hamarkadetan pairatzen ari den biolentzia eta bortxazko desplazamenduaren aitzinean».

Mozioan, udalak «Israelekin harreman oro eteteko eskaera» berretsi du eta «Europar Batasunaren eta Israelen arteko akordiorako proposamena» salatu. Horrez gain, «Estatu Batuak eta Israelek ekialde hurbilean aitzinera daramaten gerra eta suntsitze politika» ere salatu dute. Gerra garaian, «justizia sozialean oinarritutako bakearen, elkarrizketen eta nazioarteko araudia errespetatzearen aldeko» aldarrikapena egin du udalak. «Euskal Herriak NATOri ezetz erran ziola oroitu eta posizio berean mantentze gara».

Ontzidiari dagokionez, «aitzinera daraman ekimenak duela 20 urtetik Gazari ezarritako blokeo injustu eta ilegala gainditzea du helburu, nazioarteko gobernu eta agintariak interpelatu eta bertako herritarren egunerokoa zertxobait arindu asmoz. Erabat bat egiten dugu helburu horrekin».

Azkenik, «Israelek nazioarteko urtean ontzidia gelditu eta bertako kideak bahitu izana» salatu dute. «Ontzidiko kide zen eta Israelek bahitu zuen Hegoa Arrieta Gonzalez baztandarrari eta bere familia eta lagunei gure aitortza eta babes osoa adierazi nahi dizkiegu, baita gainerako kideei ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun