Ordenantzaren arabera, Baztanen turismo ostatu bat duten titular guztiek —etxebizitza turistikoak, landetxeak, hotelak, apartamentuak edo bertzelako ostatu motak barne— nahitaez eman beharko dute izena udal erroldan.
Udalak zehaztu duenez, dagoeneko martxan dauden establezimenduek 2026ko irailaren 15a baino lehen egin beharko dute izen ematea. Epe hori igaro ondoren, izena eman ez duten ostatuak udalak berak inskribatu ahal izanen ditu ofizioz, eta kasu batzuetan zehapenak ere ezarri ahal izanen dira. Araudia ez betetzeak ondorioak izan ditzake: lehen aldian ohartarazpena jaso daiteke, baina berrerortzeak edo datu faltsuak emateak 751 eta 1.500 euro arteko isunak ekar ditzake.
Horregatik, Baztango Udalak dei egin die turismo ostatuen titular guziei epea akitu baino lehen tramitea egin dezaten, araudia betetzea eta etorkizuneko arazoak saihestea bermatzeko. Izena ematerakoan, titularrek hainbat datu aurkeztu beharko dituzte, bertzeak bertze ostatuaren titularraren identifikazioa, jardueraren kokapena, plaza kopurua eta lizentzia edo baimen administratiboak. Erregistro bidez aurkeztu beharreko eskaera eskuragarri hemen.