Tximeleten oasia sortu dute Erratzun naturarekiko eta biodibertsitatearekiko kontzientzia sustatzeko

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 27a

Proiektua eskola komunitateari proposatu zitzaion, haurrek bertatik bertara parte hartu zezaten eta tximeleten mundu liluragarria ezagutzeko aukera izan zezaten. Horretarako apirilean hitzaldi bat izan zuten eskolako ikasleek.

Argazkiak eta testua: Nerea Iturriria

Ekimen honen bidez, tximeleten eta bertze intsektu aunitzen populazioek bizi duten beherakadaz hausnartzeko aukera eskaini nahi izan da, baita polinizatzaile gisa duten garrantzia azpimarratu ere. Izan ere, intsektu hauek ezinbestekoak dira ekosistemen orekarako eta biodibertsitatea mantentzeko.

Erratzuko herriak lur eremu bat utzi du proiektua gauzatzeko, eta bertan tximeletendako egokiak diren landareekin osatutako lorategi berezia sortu dute. Oasian landare ostalariak jarri dira, tximeleta espezie batzuek bertan arrautzak errun ditzaten eta sortuko diren beldarrek landare horietatik elikatu ahal daitezen. Horrez gain, kolore eta usain biziko loreak ere landatu dira, tximeleta helduek nektarra xurgatu ahal izateko. Aipatu ere, Erratzuko herritarrek sorturiko hondakin organikoetatik lorturiko konposta erabili dela eremua ongarritzeko, horrela zikloa hestea lortu eta ekonomia zirkularra bulkatuz.

Igandean izan zen landaketa eguna eta ikasleek, familiek eta herriko hainbat bizilagunek parte hartu zuten, elkarlanean eta giro ederrean.

Oasiaren izena, Yinkoain olloteia izanen da, Euskaltzaindiaren atlasean Erratzun tximeletei 'jainkoaren oilo' (yinkoain olloa) erraten zitzaiela bildua baitago (Azkuek segur aski).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun