Berastegik «Europako Habitat Aztertaraua solasbiderat ekarri zuen, horietan aipatzen diren intereseko eta babestu beharreko habitatetan oinarritzen direlako toki bakoitzeko Kontserbazio Bereziko Eremuak, Baztangoak konparazione. Horrela, Urritzate-Aritzakun-Gorramendi, Orabidea-Arxuria, Baztan ugaldea, Artesiagako erreka, Aldude eta Belateko Kontserbazio Bereziko Eremuetan agertzen diren Europako intereseko eta babestu beharreko habitatak azaldu zituen, kudeaketarako finkatu diren irizpideen berri eman bidenabar. Baztango eremuetan agertzen diren habitat bereziak hauek dira: oihanak, sastrakadiak eta txillardegiak, larre-belardiak, harkaitzak, aintzirak-hezeguneak-zohikaztegiak eta ugaldeak–errekak».
Habitat horietako bakoitzaren ezaugarriak eman zituen, «bakoitzaren egoera zein den aipatuz, arriskuak eta hobetu beharrekoak. Zohikaztegiei buruz, erran modu batez, sekulako altxorra direla aipatu zuen, Arxuri, Belate eta Azpegiko zohikaztegien balioa goraipatuz, landaretzaren ikuspegitik aski guti den ihintza belarra agertzen delako, drosera nomenklatura zientifikoan. Bakana den landare haragijalea da Europan. Horrez gain, burruntzi bereziak, arnika landarea e.a. ere ageri dira. Modu berean, hemengo zohikaztegietan 10.000-11.000 urtez metatutako materia organikoa dago, guztiz deskonposatu gabea, eta horrek informazio historiko eta paleohistoriko handia ematen du. Erran modu batez, orain 10.000 urte pagorik ez zegoela, baina orain 4.000 urte bai».
Mintzaldiko bertze habitat bat aipatze aldera, «ugalde eta errekak aipatu daitezke. Horietan, arro osoan gertatzen denak garrantzia duela erran zuen Berastegik, eta, hori, kudeaketan kontutan hartu behar da. Halaber, ugalde eta errekak korridoreak direla aipatu zuen eta arrainei buruz, errekako trabak, presak adibidez, kendu behar direla. Gainerako landare, hegazti, eta gauenara espezieen mugimendua ere bermatu behar dela erran zuen. Modu berean, ugaldea gainezkatzeko tokiak kudeatu behar dira, uholdeak zehazki. Horretarako prebentzioan indarra eginez. Baztanen aniztasun handia dagoela aipatu zuen, eta natura eta gizartearen osasuna elkarlotuta daudela».
Akabailan, «galderen tartean, klimaren aldaketak habitat horietan izan ditzakeen ondorioez aritu ziren. 2022ko uda bero eta idorrean, konparazione, Urbasako mendiak guztiz kiskalita gelditu zirela aipatu zuen Berastegik eta, hortaz, klimaren aldaketak ondorio larriak izanen dituela. PACa ere solasbide izan zuten, aunitzetan habitat hauek babesteko irizpideen kontra egiten baitute».