Baztan Palestinarekin taldeak elkarretaratze deialdia egin du gaur arratsaldean

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 18a

Isralego armadak Gazarat hurbiltzen ari den Global Sumud Flotillako ontziak atzeman ditu berriz ere. Ontzidian doan Hegoa baztandarrari «elkartasuna eta babesa» adierazi dio plataformak eta elkarretaratzea eginen du gaur, maiatzaren 18an, 19:00etan Elizondoko plazan.

Baztan Palestinarekin taldeak adierazi duenez, «Nakbaren 78. urteurrena bete da. Kolonoek, potentzia inperialen laguntzaz, palestinar asko euren lurretatik bota eta palestinarren lurretan Israelgo estatua eraikitzeari ekin zioten. Geroztik, kontaezinak dira Israelek palestinarren aurka burututako basakeriak. Eta goraipatzekoa, hamarkada luze hauetan herri palestinarrak erakutsitako erresistentzia».

Argi gelditu da «Israelgo estatuaren izaera koloniala. Sortu zenean bezala, gaur ere, Israel elite anglosaxoiaren tresna bat da ekialde hurbileko bere interesak defendatzeko. Horregatik jaso du eta jasotzen du Estatu Batuen, NATOren eta oro har mendebaldeko estatuen babes amaigabea. Horregatik dauzka halako konplizitate ekonomiko, militar, kultural eta abarrak. Gaur inoiz baino argiago dago zonaldearen egonkortasun eta bakerako arazo nagusia Israelgo Estatuaren existentzia bera dela».

Hori dela eta, «elkartasuna adierazi nahi diegu Israelen eta Estatu Batuen erasopean dauden Palestina, Libano eta Irango herritarrei. Testuinguru honetan, Global Sumud ontzidia Gazako kostaldera abiatu zen duela hilabete inguru Bartzelonatik. Bertze behin, gobernuek egin ez dutena herritarrek egin behar izan dugu. 500 laguneko ontzidiak eraso larria pairatu zuen bidean, kideak atxilotu eta torturatu zituzten, ontziak bahitu eta taldea murriztu, baina ontzidiak aitzinerat segitu zuen». Orain berriz jakinarazi dutenez, guttienez 12 ontzi geldiarazi dituzte Israelgo indarrek, Zipretik hurbil.

Ontzidian da «Baztango herritarra den Hegoa Arrieta Gonzalez ere. Gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiogu une zail eta gogor honetan. Gure aitortza, Israelgo estatuaren aurrean, palestinarren defentsan gure gobernu eta gizarte osoa interpelatu asmoz bere gorputza jartzeagatik. Gertatu daitekeen edozeren erantzule Israelgo estatua eta bere konplizeak egiten ditugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun