Jaizkibel Konpainiak jakinarazi duenez, aurtengo Hondarribia Berdintasun Hiria sarietan Plazara Dantzara kolektiboa omendu eta eskertuko dute, «Baztango dantzetan emakumeon parte hartzea bermatzeko egindako borrokagatik». Izan ere, «Bidasoak lotzen ditu Baztan eta Hondarribia eta, azken urteetan, jaietan emakumeen parte hartzearen aldeko aldarrikapenak ere lotzen gaitu: hemen alardean eta han mutil dantzetan».
Mutil dantzetan «emakumeen dantzatzeko nahia eztabaida iturria izan da. Ez da bidea erraza izan, botere eta genero harremanek ere berdin-berdin funtzionatzen dute Baztanen eta Hondarribian. Baina ibilbide gatazkatsua izan arren, emakumeak lortzen ari dira jaietan plazan dantzan aritzea».
Hondarribia Berdintasun Hiria saria ekainaren 5ean emanen dute, 19:00etan Itxas etxeko auditoriumean. Gainera, ekitaldia borobiltzeko Esanezin musikariaren emanaldia izanen dute. Sarrera doakoa eta librea izanen da, edukiera bete arte.