Lehiaketak helburu argia du: ikasleen gaitasun digitalak garatzea eta euskarazko eduki digitala sortzea webguneen bidez
Baztango Lekaroz BHIko batxilergoko 2. mailako ikasle talde bat izan da garaile kategoria nagusi honetan. Leire Uribe-Etxebarria, Saioa Perotxena eta Izaro Lakosta ikasleek garatu duten altxukodenda.eus webguneak lortu du aitortza. Epaimahaiak proiektuaren bikaintasuna nabarmendu du, herriko denda ttiki batekin elkarlanean garatutako webgune arras egokia baita, denda batek behar dituen atal guztiak biltzen dituena eta emaitza arras txukuna eskaintzen duena.
Baztango irabazleak
- Saria: proiektu erreal onenari saria (sari berezia).
- Ikastetxea: Lekaroz BHI.
- Maila: Batxilergoko 2. maila.
- Ikasleak: Leire Uribe-Etxebarria, Saioa Perotxena eta Izaro Lakosta.
- Proiektua: altxukodenda.eus webgunea.
Epaimahaiaren balorazioa: herriko komertzio baten beharrei erantzuteko garatutako lan arras ona eta txukuna.
Parte hartze handia eta babes zabala
Lehiaketak oihartzun handia izan du Euskal Herri osoan, denera 68 ikastetxek, 1.413 ikaslek eta 527 taldek parte hartu baitute. Edizio honetako berrikuntza nagusia proiektu erreal onenari sariaren sorrera izan da, kategoria arruntetakoak baino garrantzitsuagoa den sari berezia. Sari honen bidez, sortzen diren webguneek behar erreal bati erantzutea bultzatu nahi da, tokiko denda, elkarte eta ekimenen onurarako.
Kaixomundua.eus proiektuak erantzun ona ez ezik babes zabala du erakunde pribatu eta publikoen aldetik: Euskaltel eta Orona (babesle berria), GFA eta Eusko Jaurlaritza. Gaurko sari banaketa zuzenean jarraitu ahal izan da eitb.eus webgunean eta EITBren YouTube kanalaren bidez.

Aurten, Euskal Herri osoko 68 ikastetxek, 1.413 ikaslek eta 527 taldek parte hartu dute
Proiektu errealak:
ikasgelatik tokiko ekonomiara
VII. edizio honen apusturik sendoena "proiektu errealen" sustapena izan da. Berrikuntza honen bidez, ikasleek ingurune hurbileko behar bati erantzun diote: tokiko denda txikiei, elkarteei edo herri ekimenei ikusgarritasun digitala emanez.
Kalitate teknikoa eta konpromiso soziala
Aurkeztutako hainbat lanen mailak epaimahaia harritu du. Adibide garbiena saveme.eus proiektua da, ziberbuling-aren inguruko sentsibilizazioa eta baliabide teknikoak modu bikainean uztartu dituena. Politeknika Txorierriko ikasleek (Alaitz Aranburu, Ibon Lekue eta Julen Gorostizaga) ziberbuling-ari aurre egiteko plataforma digitala sortu dute. Epaimahaiak bereziki goraipatu du lan horren izaera profesionala, diseinu zaindua, originaltasuna eta maila tekniko landua dituelako.