Bestak 2026

Baztangoizako Besta ospatuko dute bigarren aldiz maiatzaren 30ean Amaiurren

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 14a

Egun osoko egitaraua izanen du bertze behin: herri kirolak, bazkaria, dantzaldia eta besta.

2024an lehenbiziko aldiz ospatu zuten Baztangoizako Besta Arizkunen, herriko zenbait gazteren ekimenez. Amaiur, Arizkun, Azpilkueta eta Erratzuko «herritarren arteko erlazioak sendotzea» zuen helburu. Arrakastatsua izan zen eguna, eta arizkundarrek amaiurtarrei pasatu zieten lekukoa. Hortaz, aurten Amaiurren eginen dute bigarren edizioa, maiatzaren 30ean.

Egitarau oparoa

11:00etatik aitzinera haurren eta helduen herri kirol erronkak eginen dituzte. 14:00etan, berriz, zikiroa izanen da, musikaz alaitua. Ondotik dantzaldia izanen da Olgetan erromeria taldearen eskutik. Afaltzeko Perurena Burger hanburgesak jateko aukera izanen dute, eta gauen bestak segida izanen du Jotatxo DJarekin 23:00etatik aitzinera.

Zikiroko txartelak salgai daude Amaiurko Hotelean, Arizkungo Dolaetxean, Erratzuko Altxuko dendan eta Azpilkuetako alkatearen bitartez, 35 eurotan helduendako eta 15 eurotan 12 urtetik beheitikoendako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun