Euskal Herriko bizikleta elkarteen sarea eratu dute Elizondon

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 11

Asteburuan Elizondon egin den Euskal Herriko Bizikletazaleen Topaketak, Euskal Herri osoko elkarteen sarea formalki eratzea ekarri du. Hala, Bidasoko Bide Berdeari ongi etorria emateko aitzakian antolatutako asteburu pasan, bizikletazaleak elkar ezagutu eta adiskidetzeko ibilaldiak egiteaz gain, larunbat arratsaldean eratze batzarra egin zuten Arizkunenean.

Irudiak eta testua: Baztango Talde Ekosoziala

Egunaren antolaketa Baztango Talde Ekosozialak hartu zuen bere gain, bertze elkarteekin koordinazioan. Bertzeren artean, Irundik Elizondorainoko bizikleta ibilaldia egin zuten larunbat goizean, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako zaleekin tropela eginez. Lesakan, adibidez, Corellako Biciclistas elkartekoek tropelarekin bat egin zuten, ibilbidearen buruan joanez nagusikletan. Harremanak ehuntzeko, tokiak elkarrekin korritzeko, bizikidetzako une emankorra izan zen Bidasoan goiti pedal kolpeka egin zutena. Bizkitartean, Elizondon, bizikleta bidezko mugikortasunaren aldeko murala egiten aritu ziren, nahiz eta oraino ez duten akitu.

Bazkaria Merkatuko plazako gorapetan egin zuten, eta ondotik, Ahaztuen plazan, Jon Mindegiak bizikleta solasbide duten kantuen emanaldia egin zuen. Horrek, bizikletazale eta bizikleten meta ederra eta koloretsua sorrarazi zuen herriko erdigunean. Batzarrak hartu zion segida musikari, eta eguna bukatzeko bizikleta ibilaldia musikaz lagundua egin zuen Elizondo eta Elbeten barna.

Batzarrean izan ziren bizikleta mugikortasuna modu jarraikian bultzatzen ari diren Euskal Herriko elkarte nagusiak: Donostiako Kalapie, Irun-Hondarribiko Balazta, Bilboko Biziz bizi, Gasteizko Bizikleteroak, Hendaiako Reclyc’Art, Tolosako Gurpilgunea, Korellako Biciclistas, Barakaldoko Biraka, Arrigorriagako Bizi eskola… Sarearen eraketa adostu zuten formalki, eta helburuak, eginkizunak eta laneko moldea eta egutegia finkatu. Izena luze gabe erabakiko dute, sarearen ondoko bilkuran.

Biharamunean berriz, Elizondon lo egitera gelditu zirenek, bi orduko ibilaldia egin zuten Erratzuraino joan-etorria eginez.

Asteburuko topaketak aho zapore ona utzi du parte hartzaileen artean, indarrak berrituz bizikleta bidezko mugikortasunaren alde, herri, hiri eta auzo bizigarriago eta osasuntsuagoak egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun