Baztango Osasun Plataformak azaldu du apirilaren 21ean izan zela Baztango Osasun Kontseilua, eta bertan Elizondoko Osasun Etxearen egoera mahai gainean paratu zuen plataformak. Osasunbideko Mendialdeko zuzendariordeak zenbait iragarpen egin zituen: «betetzen diren postuak behin behinean betetzen ari dira. % 100ean diren bi plazak lehiaketara atera behar dituzte, baita % 40ko kontratua ere, baina % 40rekin segituz Elizondon, eta gainerako % 60 Lesakan. Kontseiluaren Baztango kideek neurri horiekin desadostasuna azaldu genuen».
Bertzetik, «zuzendariordeak informatu zuen postua eskuratzen duten medikuek guttienez bi urte egin beharko dituztela beren postuetan. Guk garbi azaldu genuen neurri horiekin ez zela bermatzen arreta duina. Iruritako medikuak ere eszedentzia hartu du, eta postu hori ere lehiaketara aterako dute. Alde hoberenean ere, postu horiek bete orduko 2027an ongi sartuak izanen gara».
Horrez gain, plataformak joan den astean jakin zuen Baztango medikuen zuzendariak bere kargua utzi duela. «Zuzendariaren zeregina lan taldearen antolakuntza egokia egitea da, lan garrantzitsua. Hain denbora laburrean bi zuzendarik dimisioa emateak zerbait larria gertatzen ari dela erran nahi du».
Medikuen Sindikatuen grebari dagokionez, «osasun arretako langile guztien lan baldintza duinak eskatzen ditugu. Aparteko ordu estrukturalak ezabatzearen alde gaude eta arreta publikoaren aldarria egiten dugu. Gure ustetan, Medikuen Sindikatuak, aipaturiko aldarrikapen hauen aterpean, bertze eskakizun korporatiboak ere sartzen ditu: langileen artean eskubide desberdinak izatea, pribatuetara desbideratuz esklusibotasuna mantentzea, lan hitzarmenetik kanpo beren estatusa propio izatea… Plataformatik ez dugu ongi ikusten osasun arreta publikoaren gestio pribatua indartzea. Horregatik segituko dugu osasun arreta eta gestio publikoa duinaren alde egiten».