Tasubinsak barraskilo haztegi bat martxan du Elizondoko Berro auzoan duen Poskonea zentroan. Desgaitasuna dutenendako lan eta prestakuntza aukera berriak eskaintzea du helburu haztegiak, eta 2.000 metro karratuko lursail batean dago, berdegune eta hesi perimetralez babestua.
Proiektua abiatzeko, maiatzaren 5ean barraskilo arrunteko 750.000 kume hedatu zituzten gizendu daitezen, eta udan bilduko dituzte. Ekitaldian izan ziren zentroko langileak, Usue Zulet Tasubinsako lehendakaria, Fernando Anbustegi Baztango alkatea eta Mariano Iribarren zinegotzia. Guztira, 30.000 euroko inbertsioa egin dute materialerako eta haztegia prestatzeko.
Gaur egun 35 lagun daude Poskonean, Zentro Okupazionaleko 10 erabiltzaile eta Enplegu Zentro Bereziko 25 langile. Kalkulatu dute haztegiak bi lanpostu berri sor ditzakeela epe motzera, eta 8-10 artean epe luzera. Hurrengo hilabeteetan zentroko lan taldea arduratuko da haztegiaren eguneroko kudeaketaz: barraskiloak elikatzeaz, gerta daitezkeen arazoak detektatzeaz, biltzeaz eta merkaturatzeko bideak bilatzeaz.
Ekitaldian, Zuletek nabarmendu zuen «proiektuak aukera berri bat eskaintzen duela senezko jarduera sortzen jarraitzeko, lurraldeari lotua eta pertsonen gaitasunetara egokitua. Poskoneako jarduera egonkorra eta jasangarria izan dadin nahi dugu, baita etorkizunerako aukerak eskaintzea ere».
Bertzetik, Anbustegik azpimarratu zuenez, «horrelako ekimenek lurraldea egituratzen eta ibarrean bertan aukerak sortzen laguntzen dute. Garrantzitsua da desgaitasuna dutenek beren bizi eta lan proiektuak hurbilen duten ingurunean garatu ahal izatea».
Proiektuak «desgaitasuna duten eskualdeko biztanleen bizi kalitatea hobetzen» lagundu nahi du. Gainera Tasubinsari aukera ematen dio jarduera dibertsifikatzeko, nekazaritzako elikagaiei lotutako ildo berriak esploratzeko eta produktu propioa sortzeko bidean aitzinerat egiteko». Azkenik, haztegiak «ekonomia zirkularrarekin, tokiko garapenarekin eta Baztango errealitate soziokulturalarekin bat datozen lan jarduerak sortzen ditu».