Lekaroz Institutuko D ereduko 4. mailako 22 ikaslek osatu dute musika irakasgaiko taldea aurten, eta 2. mailako A ereduko 14 ikaslerekin batera, proiektu soziala egin dute bertze urte batez. Ikasleen arteko harremanak eta talde lana sustatzea dute helburu, baita gizarteko errealitate anitzak hurbiletik ezagutzea ere, musikaren bitartez.
Horretarako, musika ikasgeletatik atera eta hiru kontzertu antolatu dituzte. Martxoan Elizondoko Benito Menni Ospitale zentroan egin zuten emanaldia. Apirilean, berriz, Doneztebeko San Miguel ikastetxean izan ziren, bortz urteko gelakoei musika tailerra eskaintzeko. Azkenik, ekainean Elizondoko Zahar Etxera joateko asmoa dute.
Benito Mennin kontzertua eman zuten eta perkusio tailerra egin zuten bertako egoiliarrekin. «Hunkigarria izan zen eta gure ikasleek hurbilagoko harremana sustatzeko eta gizartearen alde ezezagunago bat ezagutzeko aukera izan zuten».
Doneztebeko eskolan, berriz, ikasle bakoitzak ume baten arduradun izateko aukera izan zuen, ariketekin lagunduz: uztaiak, puxikak, baloiak, paperezko orkestrak, boomwhackerrak, kantuak eta dantzak osatuak. «Atsegina eta dibertigarria suertatu zen emanaldia». Gainera, horren ondotik kontzertua eman zuten kanpoko aterpean bertako ikasle eta irakasleendako.
Proiektu honetan ikasleen jarrera eta lana «bikaina» dela adierazi dute irakasleek, eta leku guzietan izan duten harrera eskertu nahi izan dute: «ongietorria egin eta gosari goxoak eskaini dizkigute». Helburuak ongi bete dituzte: «talde lana sustatzea, elkar entzutea, beldur eszenikoa gainditzea, publikoaren aitzinean jarrera egokia izatea, gelan landutakoa erakustea, musikarekin zerikusia duen emanaldia antolatzea eta garrantzitsuena, publikoarengana ailegatzea, beraien eguna alaitzea eta denek elkarrekin bat egitea».
Ikasleendako esperientzia «berria eta aberasgarria» izan da kontzertu eguneko talde lana: «tresnak eraman, kotxea deskargatu, eszenatokia prestatu, entseguak egin eta zuzeneko emanaldiaren ondotik dena bildu eta ikastetxera itzuli. Kontzertu baten aitzineko urduritasuna eta ondorengo txaloak zer diren bizi izan dute. Aunitzendako, lehenbiziko eta azkeneko aldia izan da oholtza baten gainean».
Hauek izan dira proiektuan parte hartu duten ikasleak: Aitor Ripa Eritze, Saioa Viguria Etxabarri, Iñaki Amenabar Zapata, Iker Apezetxea Esain, Ainhoa Gamio Eugi, Iker Sagbay Morocho, Carlos Alzugarai Zabalza, Javier Arregi Bajo, Oihan Atorrasagasti Cillero, Aitor Bengoetxea Goñi, Eneko Zelaieta Migeltorena, Iratxe Ibañez Apezetxe, Joana Jimenez Bengotxea, Iker Juanikotena Calleja, Julen Aldako Irurueta, Naroa Gutierrez Istilart, Oihan Irigoien Rekarte, Saioa Mujika Garnika, Eñaut Oteiza Larre, Izai Urrutia Eritze, Eider Zamora Etxabarri, Ioritz Zubiaurre Agirre, Patxi Baldanta Román, Isabella Cerón López, Cloe Da Silva Lertxundi, Alvaro Desayes Lau, Gideon Emmanuel Ukponmwan, Adolfo Espinosa Gutiérrez, Faraella Lopes de Paula Coracini, Greilymar Del Valle Mejias Higuera, Alejandra Nasimba Tubón, Victor Palacios Castro, Karolina Palyanytsya, Santiago Picuasi Fuerez, María Sousa Coracini eta Judit Vides San Jose.