Eider Rodriguez 'Dena zulo bera zen' liburuaz mintzatuko da ortzegunean Erratzun

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 6a

Literatura Geraldiak programaren barnean, Eider Rodriguez idazlea Erratzuko Lixutegian izanen da bihar, maiatzaren 7an, Dena zulo bera zen liburuaz solastatzeko. 18:30ean izanen da hitzordua, Baztango Euskara Zerbitzuak antolatua.

Sinopsia

Sute arrisku handieneko urte-sasoia da kanikula, uda-mina, eta hark ematen dio izena liburu honetako sei istorioetan lehenari. “Nor zara?”, galdetzen dio pertsonaietako batek besteari. “Ur asko eta beste elementu batzuk, zu bezala”, erantzuten dio. 

Zerua argi egon arren, arnasa hartzea hain erraza ez den paisaia bat hedatzen da liburu honetan. Edertasunaren eta heriotzaren igurtzi amaigabean, bakea ez, egia aitzurtu nahia da protagonista. Laguntasuna eta sentsualtasuna ageri dira, olatu artifizialak eta uharteak, doluen aurreko doluak, zorion moderatua, esku batzuek egin dezaketena baina sekula egingo ez dutena. Inoiz baino gorputzago sentitzen den jendea —hortzak, hazia, hezurrak—, eta, tarteka, inoiz baino hondakinago, zakarrak eta ametsak, biak, eguzkitara ateraz. 

Hendaian, Bordelen, Donostian, Irunen, Koh Pha Ngan-en, Hondarribian, Errenterian; elkar besarkatuta kabitzeko moduko zulo txiki batekin aski zatekeen. Gauza guztien azken aldi bat —eta ondorioz lehena— Eider Rodriguezen bosgarren ipuin liburuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun