Energia berriztagarriak

Martxan da Iduzki, Erratzuko Komunitate Energetikoa

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 5a

Jabier Irigoien, Erratzuko alkatea, saria ematen Garikoitz Antxorenari.

Bozketa bidez aukeratu dute elkartearen izena. Gainera, bozkatzaileen artean saria zozketatu dute eta Garikoitz Antxorena izan da irabazlea

Testua eta argazkia: Xabi Ballarena

Azkeneko asteetan Erratzuko Komunitate Energetikoaren inguruko lanketan ari dira hainbat herritar, eta horren baitan, sortuko den elkarte berriaren izena aukeratu beharra zegoen. Talde eragileak erabaki zuen komunitate energetikoaren izena aukeratzeko herri galdeketa gisakoa eginen zela herritarren artean. Horretarako Erratzuko ostatuetan, eskolan, komertzioetan, zerbitzuetan… hainbat boto kutxa paratu zituzten. 102 boto bildu ziren denetara eta aukeren artean IDUZKI izan zen izenik gustukoena.

Bozkatzaileen artean Baztango Zaporeak lotea zozketatu zen eta Garikoitz Antxorena izan zen irabazlea. Komunitate Energetikoaren sortze lanak aitzinerat segitzen du eta, ongi bidean, ekaina erdialdean eginen du bere aurkezpen publikoa.

Pello Fagoaga herritarrak (@pikulari) egin du elkarte berriaren logoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun