Iruritako V. Duatloia izan zen maiatzaren 1ean eta antolatzaileek egunaren balorazio ona egin dute: «aurten bortz lagun aritu gara antolatzen eta denen artean egindako zerbait atera da. Nahiko buruhauste handiren ondotik, dena xarmanki atera zen, uste genuena baino hobe!».
94 lagunek parte hartu zuten lasterketan, 22 bakarka eta 36 erreleboka. Bakarkako kategorian Villabonak Eneko Gurrutxaga Ugarte izan zen txapeldun (01:38:41), Gorraizko Iñaki Ordoki Sansiñena bigarren zortzi segundoko aldearekin (01:38:49) eta Haritz Perurena Arizaleta elizondoarra hirugarren (01:39:46).
Erreleboen kategorian Koldo Herrera eta Asier Antuña sunbildarrak izan ziren azkarrenak (01:28:27), Eneit eta Ekaitz Bertiz sunbildarrak bigarren (01:29:32) eta Iruritako Oihan Aleman eta Gartxot Iribarren hirugarrenak (01:31:23). Binakako mistoan, berriz, Gorka Urtasun iruritarrak eta Jaione Perurena urdazubiarrak irabazi zuten (01:56:26), Olatz Iturralde eta Xuban Lacosta berroetarrak bigarren (02:04:03) eta Burlatako Leire Perezek eta Iñigo Lizasoain elizondoarrak osatu zuten podiuma (02:05:53).