Idoia Santamaria Urkaregik irabazi du X. (H)ilbeltza beka

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 30a

Friedrich Dürrenmatten Das Versprechen eleberria euskaratuko du alemanetik

(H)ilbeltza bekaren X. edizioko irabazlea jakinarazi dute gaur (H)ilbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak; Idoia Santamaria Urkaregi donostiarra izan da saritua. Aurten liburu bat itzultzea dagokio bekari eta Friedrich Dürrenmatten Das Versprechen eleberria euskaratuko du alemanetik.

Antolatzaileek guztira 11 lagin jaso dituzte. Epaimahaia Fernando Anbustegi Baztango alkateak, Amaia Apalauza (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Maddalen Subijana Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatu dute. Epaimahaiaren erranetan, «Santamariak Durrenmatten estilo berezia ongi erakutsi du euskaraz, eta joskerari arreta berezia jarri dio». Gainera, nabarmendu dute «itzultzaileak hizkera neutro eta zehatza erabili duela eleberria alemanetik euskaratzeko».

Santamariak 3.000 euro jasoko ditu orain, eta beste 3.000 lana akitzerakoan. Ongi bidean, 2027ko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak, eta 2028ko ilbeltzean aurkeztuko dute lana, (H)ilbeltza ekimenean.

Hamargarren lan saritua

Honekin, hamar dira (H)ilbeltza beka lortu duten egileak. Lehen edizioa sormen beka izan zen; Miel A. Elustondo izan zen sariduna eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019an. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Josu Barambonesek Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu zuen. Hirugarren irabazlea Miren Gorrotxategi izan zen eta Sotoan gordeak liburua izan zen emaitza. Laugarren beka Koldo Bigurik jaso zuen eta Massimo Carlotto italiarraren Agur maitea, ikusi arte eleberria itzuli zuen. Borzgarren beka Eneko Barberenak lortu zuen eta Suak erreko ez balu eleberria idatzi zuen. Seigarrenean Beñat Irastorza izan zen saritua, eta Fred Vargasen Debout les morts liburua euskaratua argitaratu zuen. Zazpigarren irabazlea Joxan Oiz Arruti izan zen, eta Amazurtza nobelarekin. Zortzigarren sariduna Amaia Apalauza izan zen, eta aurten aurkeztu du Núria Cadenesen Guillem liburua euskaratua. Azkenik, iazko sariduna Gaizka Sarasola izan zen, eta Mug(H)erri I lana 2027ko (H)ilbeltzean aurkeztea espero dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun