Nola animatu zinen alkatetza hartzera?
Imanol senarra lau urtez izan zen Elbeteko alkatea eta berari laguntzen aritzen nintzen. Balleko Etxean egiten zituen bilerak eta herrian egiten zuena ikustean, ez zitzaidan hainbertzeko lana iduritu, eta ni ere animatu nintzen. Gainera, jendeak emakume bat nahi zuen alkatetzan; duela 30 urte Rosa Mari Irungarai izan zen lehenbizikoa eta geroztik ez dugu bertze emakume alkaterik izan.
Zein dira alkatearen ardurak?
Gehiena herritarren kezka eta beharrei irtenbidea ematea da, udalaren bitartez. Ura da herriko bertze ardura handi bat: ur ihesak kontrolatu behar dira, igeltsero eta iturginekin egon edo auzolanean konpontzeko. Herrian eta inguruan garbiketak eta mantentze lanak egiteko ere auzolanak antolatzen ditugu.
Erraza da herritarren izenean solastatzea?
Ez beti, alkatea baita udalaren eta herritarren arteko bitartekaria. Udalak eskari bati ezezkoa ematen badio, nik egon behar dut herritar horrekin, eta batzuk ez dute ulertzen zergatik ondokoari dirua eman dioten bidea konpontzeko eta berari ez. Baina orokorrean, jendeak konprenitzen du nire lana dela, eta ongi hartzen du.
Gibelean lan taldea izanen duzu, ez?
Bai, Anek kontuak eramaten dizkigu eta Iñigo, Pello eta Imanol kargudunek laguntzen didate uraren aferekin, zalantzak argitzen eta gainerako lanekin. Erraza da gure artean antolatzea, normalean Whatsappez solastatuta aski izaten dugu.
Bizitza pertsonalean eragin handia du alkatetzak?
Egunerokoan pixka bat eragiten du. Joan den urtean, adibidez, umea izan genuen eta alkatetza pixka bat alde batera utzi behar izan nuen, baina bilera guzietara joan nintzen. Eta orain ere ordu batzuk sartu behar izaten ditugu. Baina egin beharreko lana da; herrian alkaterik ez badugu, inork ez ditu herritarren eskariak udalera eramanen eta ez dugu deus lortuko. Gainera, lana gustura egiten dut, alkatetzan sartzen denak badaki zertan sartu den eta auzolanean aritzea polita da.
Zein lan egin dituzue orain arte?
Auzo batean ura kanalizatu dugu eta errepidea hobetu, bidea xehatua eta zuloz betea baitzegoen, eta kristoren aldaketa eman du. Bertze bide batzuk ere breaztatu ditugu, eta berriki Oinaskako ibilbidea garbitu dugu Elizondo eta Elbeteren arteko auzolanean. Jende aunitz ibiltzen da bide horretan eta zaindu beharreko lekua da.
Eta zein behar ikusten dituzu Elbeten?
Hainbat eginbehar ditugu buruan momentuan. Hilerrirat ura sartu nahi dugu udaberri edo uda honetan, ez baitu iturririk. Frontoia nahiko gaizki dago, pintadaz betea, eta udalarekin solasean ari gara margotzeko eta konpontzeko. Herriko auzo batean arekak egin behar dira bide bazterretan, eta zorte pixka batekin bertze bide batzuk ere konponduko ditugu. Horiek ditugu oraingoz aurtengo lanak, ea lortzen dugun denak egitea.
Herriko kontuetan parte hartzen dute elbetearrek?
Bestetan jende aunitz agertzen da muntaketa eta prestaketa lanak egiteko. Baina urtean auzolan pare bat izaten ditugu, garbiketa lanak egiteko, eta hor dugu arazo handiena: jende guti agertzen da eta beti pertsona berak dira. Betikoek dena egiten badute, nazkatuta akitzen dute. Hortaz, gazte eta helduak animatu nahiko nituzke parte hartzera, herria konpontzeko modu ederra baita.
Zer du berezi Elbetek?
Txoko polit aunitz ditu, ur jauziko parajea, adibidez, arras polita da paseoan ibiltzeko, eta errekan bainatu daiteke. Oinaskako ibilbidea ere arras polita da, kristoren bistak ditu eta lehenagoko meategiak ezagutzeko aukera ematen du. Elbete leku lasaia da bizitzeko, eta herritarrak elkartzen garelarik giro arras polita sortzen dugu, bestetan batez ere. Egia da Elizondo ondoan izanda, herritar aunitzek han egiten dutela bizitza, baina orain etxebizitza gehiago eraikitzen ari dira eta geroz eta jende gehiago heldu da honat. Hortaz, ea lortzen dugun herriari bizitza gehiago ematea.
Etorkizuna ona ikusten diozu?
Jendea herrian gelditzen bada eta biztanleria goiti badoa, herria bizirik izanen dugu. Eta Elbete bizirik izatea gure esku dago, gauza gehiago antolatu beharko genituzke herri sentimendua pizteko. Baina bai, etorkizun polita ikusten da.