Noiz hasi zineten lasterketarekin?
Lehenbiziko solasak 2016an egin genituen: herriko gazte eta heldu saltseroenekin komentatu eta mendiak eta inguruak ematen zizkigun abantailak ikusi genituen. 2017an antolatu genuen lehenbizikoz.
Urtetik urtera jende gehiagok parte hartzen du?
Azken urteetan lasterkari gehiago animatu dira. Mantso-mantso ezagunago egiten ari den lasterketa da, eta polita bezain gogorra izatearen fama du lasterkarien artean.
Mendian lasterka ibiltzeko zaletasuna zabaltzen ari da?
Pentsatzen dut Baztanen eta inguruan beti egon direla mendi lasterkariak, toki zelaian lasterka egiteko aukerak nahiko murritzak direlakoz! Baina orain kirol modalitate gisa egiten da eta goiti doa.
Zer du berezi lasterketak?
Urtero du zerbait: lehenbiziko ibilbideak aldatu genituen, gero datak mugitu, ibilbideen luzerak aldatu… eta aurten larunbatarekin izanen da, eguna lasaiago hartzeko.
Berritasunik izanen du?
Bederatzigarren urte honetan hirugarren ibilbide bat sortu dugu, 10 km ingurukoa eta 478 metroko desnibelarekin.
Zergatik hirugarren ibilbidea?
Lasterkariendako aukera zabaltzea da helburua. 21 eta 16 km-ko ibilbideek desnibel handia dute, eta inguruan badago mendian lasterka ibiltzen den jende dezente luzera motzagoa nahiago duena.
Gogotsu hartu duzue antolaketa?
Besta giro puntu batetik hartzen dugu. Tentsio pixka batekin eguraldiak eta frogak duten arriskuengatik, baina eguna ailegatzeko gogotsu.
Lan handia da?
Bertze lasterketekin egutegia koadratu ondotik, martxoan hasten gara ibilbideak garbitzen eta izen ematea eguneratzen. Baina lan handiena bezperan izaten da: bideak markatzen, kartelak, aparkalekua…
Boluntario aunitz beharko dira…
60-70 pertsona inguru behar izaten ditugu egunean berean, plazan eta mendian dauden lanak ongi betetzeko.
Eta ondotik bazkaria?
Bai, besta giroan akitu eta boluntarioei lana eskertzeko modu polita iruditzen zaigu.
Zer espero duzue lasterketaz?
Partaideak kontent joatea, eguraldiak laguntzea eta hurrengo urteko edizioa egiteko gogotsu segitzea.