Laurnagak azaldu zuenez, «Baztango edozein txokotan pizten dugun motordun ibilgailuak Texaseko harrobi permiarretik, fracking bidez erauzitako petrolioak ibilarazten du. Gurera, gasolindegietara egunero etortzen diren kamioi zisternetan heldu da, Muskizen birfindu ondotik, Bilboko portuan petrolio ontzi handietatik deskargatuta. Munduko ozeanoetan barna nabigatzen duten zamaontzien herenak egiten duen gisan. Antiinperialistak gara, baina inperioaren errapeetatik tzuku-tzuku ari gara. Fosiletan inguraturik bizi gara, nahiz eta hain normalizaturik dugunez, ez garen horretaz ohartzen. Norbaitek zerbait erran du Petronorrek Athletic babesteagatik?».
Fosilen erreketek «berotegi efektuko gasak isurtzen dituzte, gelditu gabe. Eta fosil eratorriek mikroplastikoak sortzen dituzte, giza gorputzean gero eta gehiago modu kezkagarrian pilatzen ari direnak. Hortaz, klimarendako eta gizakiendako kaltegarria den sistema energetiko batek inguratzen gaitu. Euskal Herrian egunero 50.000 petrolio kupel kontsumitzen ditugun, denak kanpotik ekarriak».
Testuinguru horretan «fosiletatik ateratzea» lehentasunezkotzat jo zuen. «Ahal den petrolio, gas eta ikatz guztia lurpean utzi behar da. Mendearen bukaerarako munduko banaz bertzeko tenperaturaren igatea 2º-ren bueltan atxiki behar da, 1,5º-ko helburua ezinezkoa iduri baitu; eta horretarako, 2050. urterako karbono neutraltasuna erdietsi behar dugu, hau da, mundu mailako karbono isuriak 0 izan behar du. Tarteko geltoki gisa 2030. urterako isuriak % 45-50 inguru jaitsi behar dute».
Testuinguru horretan abiatu dute Stop fosilak sarea. «Euskal Herria fosil menpekotasunetik askatzeko ekimen gisa, horretarako gure kontsumo energetikoa gutituz, eta energia berriztagarrien hedapen lasterra bultzatuz. Sareak 2050. urterako energia kontsumoa % 45 gutitzea proposatzen du, eta produzitu/kontsumituko den guztia berriztagarria izatea. Eta berriztagarri horien jabetzaren % 50 gutienez publiko/komunitarioa izatea. Eta horiek denek politikoki, sozialki eta kulturalki lehiatu behar dute. Deus ez aitzinatzea berdin segitzea da, inperialismo fosilaren morroi, klima eta osasunarendako kaltegarria den sistema energetikoa iraunaraztea».
«Fosilen morrontzatik atera nahi badugu, gurean ere berriztagarriak paratu beharko dira, eskala handikoak barne»
Baztani eta landa eremuari buruz ere gogoeta egin zuen. «Fosilen morrontzatik atera nahi badugu, gurean ere berriztagarriak paratu beharko dira, eskala handikoak barne. Horretarako prest ote gaude? Berriztagarriei kotoia pasatzerakoan arrunt zorrotzak gara bete beharreko baldintzei buruz. Baina kontuan hartu behar dugu berriztagarria ez dena Texaseko frackingetik heldu dela, eta horri kotoia pasatuz gero? Zer diogu horretaz? Berdin jarrai dezakegu? Hirietako biztanleen kontsumo energetikoa, normalki, herrietakoena baino apalagoa da, nahiz eta guk kontrakoa uste izan».