Mendiko bortzegiak jauntzirik heldu da Ane Barrenetxe, koloretako galtzerdi diferenteak ageri zaizkio pausu bakoitzean. Hurbilduz bezala, morez tindaturiko bekainak atzeman zaizkio, eta irribarre goxoa eskaini digu ailegatutakoan. Hitzordua hasi, bere buruaz galdetu eta horrela dio: «Bazterrak inarrosten dabilen gaztea naiz, gizartea bertze ikuspegi batetik ikusteko betaurrekoak daramatzana». Eta beharbada, ‘Eraldatzen’ proiektu propioarekin bazterrak inarrosi ditu oraingoan ere; ez-bitartasunetik, beretik beretako ez ezik, gizarte oso batendako borroka abiarazi baitu.
Ez-bitar gisa aurkezten duzu zeure burua: gogoratzen duzu ez-bitar hitza zeure buruari egokitu zenioneko momentua?
Bai, gogoratzen dut. Nire identitateari izana jarri nion egun horretan Bernedoko udalekutan nintzen, lagun batekin. Aspaldian zebilen burrunba hori nire barnean bueltaka, aspalditik nekien zer sentitzen nuen, zer nahi nuen eta zer ez. Gizarte bitarrak itotzen ninduen. Solasaldi hori behar nuen zerbait zen, sentitzen nuena azaleratu eta konpartitzeko.
«Gorroto nuen patioa nola banatuta zegoen ikustea, batzuk horrenbertze eta bertze batzuk, aldiz, hain gutti. Bereziki gorroto nituen neska izateagatik hartu behar nituen berezko jarrerak»
Haurtzaroko zein oroitzapen dituzu?
Neure burua ikastolako patioan kokatzeko gai naiz, futbolean ikusi dezaket Ane ttikia, ile motzeko haur zakarren artean. Nik ere ile motza nuen eta zakarra nintzen, hala ere ez ginen berdinak, diferentzia handi bat zegoen gure artean, gizartearen arabera beraiek mutilak ziren eta ni ez. Niri “marimutiko” deitzen zidaten. Bitartean, neskak aparteko txoko batean zeuden panpinekin edo erakargarriak egiten ez zitzaizkidan jokoekin. Bi aukera zeuden, edo bata edo bertzea, eta nik ez nuen neure burua kutxa horietan kokatzen, gorroto nuen patioa nola banatuta zegoen ikustea, batzuk horrenbertze eta bertze batzuk, aldiz, hain gutti. Bereziki gorroto nituen neska izateagatik hartu behar nituen berezko jarrerak.
Duela ez anitz titiak kentzeko erabakia hartu zenuen. Lehenbizi Elizondoko Osasun Etxera jo zenuen…
Informatzen aritu nintzen, segitu beharreko prozesua zein zen jakiteko. Elizondoko Osasun Etxera joan beharra nintzela jakin nuen momentutik, esperientziarik politena izanen ez zela banekien; eta hala izan zen. Baztan bezalako leku batean oraindik lantzeko anitz baitago. Medikuak ez zuen deus ulertzen, bere hitzetan: «Esto no me había pasado nunca y no se que es lo que tengo que hacer». Ondotik bularrak erakutsi behar izan nizkion, inolako zentzurik gabe. Bertze medikuekin komentatu ondotik erantzun bat ematea lortu zuen, eta erantzun okerra: psikiatrarekin hitzordua eskatu beharra zidala aipatu zidan. Galdetu zidan ea zein zen ebakuntza egin nahiaren zergatia, arrazoi bat behar balu bezala eta nik ez-bitarra nintzela erran nion. Ez zekien ez-bitarra izatea zer zen. Beranduago Osasun Departamentutik deitu zidaten erranez ez zitzaidala piskiatrara bideratu behar, baizik eta Transbidera, pertsona transexualen, transgeneroen eta intersexualen arreta hobea bermatzeko unitatera. Nik hori guztia hasmentatik banekien, imajinatu barne frustrazioa.
Eta Transbiden zaudenetik, zer?
Frustrazio anitz. Lehenbiziko kontsulta hartatik hiru edo lau gehiago egin ditut dagoneko; eta kontua da, ebakuntza osasun publikotik egin ahal izateko urte oso bat kontsultetara joaten pasatu beharra dudala. Nekagarria da hilabetero ezezagun batengana joan, nire bizitza kontatu eta «Harreman sexualak edukitzen dituzu?», gisako galdera absurdoak erantzun behar izatea; dena ebakuntza egiteko papera lortzeko.
«Zita baten ondotik inpotentzia da sentitzen dudan bakarra»
Zita batekin pausu bat aitzinera, bat gibelera: nola bizi duzu prozesua?
Lehen kontsultatik erran dut: «Argi dut zer nahi dudan eta zer ez». Halere, protokolo bat segitu beharra dutela erantzun izan didate. Zita baten ondotik inpotentzia da sentitzen dudan bakarra. Borroka hau nire ingurukoek, familiakoek, lagunek eta gehiagok ere nirekin batera bizi dute. Emozionalki goiti-beheiti anitz ditut: batzuetan jendearen berokia arras hurbil sentitzen dut eta bertze batzuetan bakarrik sentitzen naiz, pentsatzen dudalako sentitzen eta ikusten dudan guzi hau inork ez duela ikusi edota sentitzen.
Duela hilabete eta gutti gehiago ‘Eraldatzen’ proiektu propioari ekin zenion: zein beharretatik?
‘Eraldatzen’ amorru kolpe guzti horien artetik atera den indar bulkada baten ondorioa da, gizartearen ikuspegia aldatzeko beharretik sortzen dena. Hala, aspalditik barnean nuen hori ateratzeko beharretik abiatu zen. Kontatzeko zerbait nuen, barnean gelditu ezin zena eta zalantza eta beldur anitz banituen ere, egoera publikoa egitea erabaki nuen. Instagramen @eraldatzenn izenarekin kontua ireki nuen eta horrek nire istorioa guztiz publikoa egitea suposatu du. Horrekin batera, Elizondo bezalako herri batean piztuko ziren burrunba eta zurrunbilo toxiko guztiak imajinatzekoak ziren.
Agerian gelditu zara eta nola sentitzen zara?
Gauza anitz sentitu ditut: zalantza anitz, beldurra, indarra, poza, urduritasuna eta nazka. Denetarik sentitu dut lehen post hura igotzea erabaki nuenetik. Erran bezala, erabakiak nire istorioa publikoa egitea zekarren, guztiz publikoa, denena. Denena izatera pasatuta, banekien galdera anitz erantzun beharko nituela, azalpenak eman, eta iritziak eta jendearen zurrumurruak ere aditu beharko nituela. Baina ez da ezer berria, hasieratik nekien publiko egiteak zer ekarriko zuen. Bertzetik, berotasun anitz ere sentitu izan dut toki ugaritatik. Jendeak bere biziko tarte handi edo ttiki bat hartu izan du mezu goxoak idazteko, proiektuaren garrantziaz hausnartzeko, eskerrak emateko, egoeraz informatzeko edota sinpleki behar nuen uneetan nire ondoan egoteko. Zortea izan dut, anitz eskertzen ditut nire inguruko denak.
«Nik bakarrik nirea partekatu dut, baina borroka hau ez da nirea bakarrik, borroka hau kolektiboa da, errealitate kolektibo bat delako»
Borroka hau zurea ez ezik, gehiagorena ere badela erranen zenuke?
Noski, nik bakarrik nirea partekatu dut, baina borroka hau ez da nirea bakarrik, borroka hau kolektiboa da, errealitate kolektibo bat delako. Ez naiz egoera hau bizitzen ari den bakarra, ziur nago edonork hurbilean baduela egoera berdinean dagoen norbait: lan esparruan, ikastetxean, komunetako ateetan, aldageletan, edozein jostailu edo arropa dendetan, hezkuntzan, gizartean…leku guztietan badago zerbait aldatzeko. Gaur egun gizartea guztiz bitarra da: bata edo bertzea. Eta hazten garen horretan batean edo bertzean sartzeko presioa inposatzen digute, aukera gehiagorik ez baleude bezala.
Bularrak kentzeko bidea erraztea baino gehiago da borroka hau?
Bai, borroka hau bularrak kentzeko bidea erraztea baino aunitzez ere gehiago da, bularrak kendu edo ez borroka hau berdin piztu beharra delako.
‘Eraldatzen’ mertxana ere aterako duzu: zein helbururekin?
Proiektua berez mertxanetik abiatu zen. Mertxana duela hilabete dezente egin nuen, beti ari naizelako gauza berriak sortzen. Nafarroako Osasungintza Publikoan ebakuntza egiteko itxaron zerrenda bortz urtekoa zela ikusita, pribatura jotzeko dirua nola lortu nezakeen pentsatzen hasi nintzen. Behin kamisetak diseinatu nituela konturatu nintzen mertxanak bere horretan ez zuelako zentzu handirik; ebakuntza egiteaz aparte, nire helburu nagusietako bat egoera ikusgarri bihurtzea delako, horrekin batera borroka piztuz. Jendeak egoera ezagutu beharra du, egoeraz hausnartu eta borrokara batu, gorputz ez-bitarrok ere gizartearen parte garelako.
«Inoiz ez dut jakin zer den emakume izatea, gizon izatea zer den ere ez. Zuk benetan sentitzen duzun zerbait bat da edo ttikitatik inposatu dizuten zerbaiten ondorioa?»
Etorkizunera begira, zer nahiko zenuke, Ane?
Anitzetan galdetzen diot neure buruari ea etorkizunean oraindik existituko ote den gaur ezagutzen dugun gizarte bitar estua. Hezkuntza transfeministarekin amesten dut, zeinetan inor ez den izen batean giltzatzen, rol batean ere ez: neska, mutil, ez-bitar, zis, trans... Hezkuntza bat zeinetan terminoek ez dituzten mugak marrazten, baizik eta bakarrik existentziaren aniztasuna adierazten duten izen posibleak diren. Askatasunean heztea delako, azken finean, haurrak euren buruaren beldurrik gabe bizitzen uztea; mundu bat zeinetan egiturak ez diren harresi. Inoiz ez dut jakin zer den emakume izatea, gizon izatea zer den ere ez. Zuk benetan sentitzen duzun zerbait bat da edo ttikitatik inposatu dizuten zerbaiten ondorioa?
Gehitzekorik?
Nirea ez dela istorio pertsonal bat bakarrik, errealitate kolektibo bat dela eta kontzientziatik gauzak eraldatzeko gai izanen garela.