[GUTUNA] Toki ebasleak

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 22a

«Autoak, autoak, autoak. Eta gero eta handiagoak». Halaxe dio Gorka Laurnagak idatzi honetan. «Auto gehiegi» direla kritikatu du eta «harrigarria» iruditzen zaio «zenbat espazio publiko ebasten duten autoek, inork deus erran gabe». 

Duela guti, lagun batek erran zidan ez zela Donostiako kontzertu batera joan ikaragarrizko pereza ematen ziolako aparkatzeak. Donostiara autoz joan, aparkatu eta etxera bizirik bueltatu, Conquis ez da deus zuendako. Bada Irunen aparkatu eta harat trenez joaten denik. Garraio publiko on batek zenbat buruhauste kentzen dituen.

Buruhausteren bat ere izan genuen duela guti Lekarozen, elkartasun bestaren antolaketan, autoak non sartu, nola kudeatu istorioa. Baina, egunean berean nire sentsazioa izan zen «zeinen aise». Ez genuen aitzinetik ere pentsatu bizikletak non aparkatu, edozein zokotan uzten ahal baitira eta ez dute molestatzen. Joan, frontoi gibelean utzi eta aire. Eta horrat begira pentsatu nuen: «zenbat toki hartuko lukete Lekarozko campus osoa hartu duten auto guziek, bizikletak izanen balira? Mukuruan paratuta, frontoi gibeleko lerro pare bat? Palan jostatzen ere segitzen ahalko zen».

Ehunka bizikleta elkarrekin aparkatuak egotea ohikoa da toki aunitzetan, Herbehereetan erraterako. Utrech-en 13.000 bizikletentzako espazioa duen parking bat dago. Autoendako izanen balitz, 400 bat sartuko lirateke. Bizikletak, gainera, bata bertzearen gainean paratzen dira, bizikletek espazio gutiago okupatzen baitute, baina ez bakarrik alboz, baita altueran ere. Gainera, maniobratzeko toki aise gutiago behar dutenez, oraino toki gehiago erabiltzen ahal da aparkatzeko. Kopenhagen % 600 handitu da espazio publikoa autoak kentzen joan diren heinean, eta bidegorriak, espaloi zabalagoak eta plazak egin dituzte askatutako espazioan.

Lekarozko campusa ere autoz eta furgonetaz lepo egon zen. Antolaketa behar izan zen: jendea aparkalekura bideratzeko txandaren bat prestatu zen, oharretan erran zen ahal zuena oinez joan zedila, non aparkatzen ahal zen adierazi zen irudien bidez… Egunean berean autoak ikusi ziren Lekarozko iskin guztietan, espaloietan, errepide bazterrean, jendea lehenagotik joana aparkatu nahian… Musika jaialdietan ere urtero espazio gehiago behar izaten da auto eta furgoendako. Autoak, autoak, autoak. Eta gero eta handiagoak.

Harrigarria da, lur metro batengatik ostiaka ibili garen herri hauetan, zenbat espazio publiko ebasten duten autoek, inork deus erran gabe. Jostetan ibiltzeko haurrei ebatsitako espazioa da. Berdeguneei edo zuhaitzei ebatsitako espazioa. Etxe zabalagoak egiteko aukerari ebatsitakoa. Parkeei ebatsitako tokia. Herrian berean paratzen ahalko liratekeen baratzeei ebatsitakoa. Aulkiak atera eta etxe parean haize freskoa hartzen egoteari ebatsitako espazioa. Finean, bizitzari ebatsitako espazioa. Pribatizatutako espazioa! Zenbat toki ebatsirik Elizondoko Giltxaurdi karrikan eta jendea espaloitik estu eta larri. Zenbat toki Gaztetxe ondoko parkingean. Edo Elizondoko eliza ondoan, lehenago belardi ederra zena, josteta leku, orain aparkaleku. Zenbat toki Paularenan, espaloi guziak autoz josirik. Zenbat bizitoki ere egiten ahalko lirateke autoendako garajeek Baztanen hartzen duten espazio guztiarekin?

Etxeko portalean bizikleta uzten baduzu segur barrideren batek muturra luzatuko duela denena den espazioa trabatzen ari zarelako (kanpoan ezin duzu aparkatu, ez baitago bizikletentzako aparkaleku egokirik). Baina, denena den espazioa, karrikakoa, pribatuak diren autoz betetzeko, arazorik ez. Ez hori bakarrik: ausart zaitez parking plaza bat kentzen herrian! Sakrilegioa! Normala da haserrea, aldiro aparkatzeko komeriekin izaten baikara.

Baina, arazoa ez da parking guti dugula, auto gehiegi baizik. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun