Klimaz, fosilez eta berriztagarriez mintzatuko da Gorka Laurnaga ortziralean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 21a

Trantsizio energetikoaren alde sortu berri duten Stop Fosilak taldeko kide da Gorka Laurnaga eta apirilaren 24an 19:30ean Arizkunenean emanen du solasaldia

Baztango Talde Ekosozialak antolatu du hitzordua eta adierazi dutenez, «klima, fosilak eta berriztagarriak gaurkotasun biziko gaiak dira. Alde batetik, klimaren beroketaren ondorioak gero eta agerikoagoak dira, iazko abuztuan gurean bizi izan genuen hamasei eguneko bero bolada, adibidez. Bertzetik, beroketa horren jatorrian diren erregai fosilen egitura energetiko, politiko eta ekonomikoak indarrean darrai, inperialismo fosilaren itxura hartuz, bertzeren artean AEBen lidergopean Venezuela edo Iranen kontrako erasoetan ikusten ahal dena. Euskal Herria ere sistema horren guztiz menpekoa da. Azkenik, energia berriztagarriak, klimatikoki bideragarria izanen den eszenatoki sozial, ekonomiko eta politiko bat eraikitzeko ezinbertzeko tresnak dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun