Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Elkartasun kantaldi jendetsuarekin borobildu du diru bilketa kanpaina Aroztegiko Elkartasun Komiteak

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 20a

1.000 lagun inguru elkartu ziren atzo Lekarozko plazan eta antolatzaileek balorazio «bikaina» egin dute, «bai jende kopuru aldetik eta baita ekarpen ekonomikoengatik ere».

Arrakastatsua izan zen Aroztegiko diru bilketa kanpainaren hetsiera atzo arratsaldean; jendetza bildu zen Ibil Bedi, Zea Mays, Bidenabar, Joseba Tapia, Kattalin eta Ane Barcena, Pello Reparaz, Iñigo Astiz eta Gorka Urbizuren emanaldiak aditzera eta auzipetuei elkartasuna adieraztera. 70.000 euroko helburua beteta, esker hitzar bertzerik ez ditu Aroztegiko Elkartasun Komiteak modu batean edo bertzean laguntza eman duten guztiendako.

Adierazi zutenez, «aste honetan bortz urte bete dira Aroztegiko lurretan kanpaldia hasi zenetik. Kanpaldiaren biharamunetan hartu zuten zazpi herritarrek epaitegian aurkezteko agindua, eta geroztik hamaika kalapita pasatu behar izan dituzte, baita guk ere haien ondoan».

Zigor eskaera, manifestazio eta epaiketa tarteko, «duela zenbait hilabete Nafarroako Auzitegiak hasierako epaia helarazi zuen. Alde batetik, talde kriminal izendapena baztertzea eta erantzukizun zibila murriztea lortu zen. Horri esker, zazpi herritarrak kartzela zigorren mehatxuaz libratu ziren. Bertzetik, auzipetuen kontrako zigor ekonomikoa ezartzen du, honi hainbat kalte ordain eta epaiketako gastu gehitu behar zaizkiolarik. Sententzia horren aitzinean, Palacio de Aroztegia SM enpresak helegiteak jarri zituen, lehendabiziko Nafarroako Auzitegian eta orain Espainiako Auzitegi Gorenean».

Ondorioz, «herri honek pairatzen duen errepresio juridiko eta ekonomikoak aitzinerat segitzen du. Afera oraino ez da akitu eta auzipetuak oraindik arriskuan daude. Testuinguru honetan eta herri bezala erantzuteko asmoz, zigor horri aitzina egiteko diru bilketa abiatu genuen. Hamaika izan dira Euskal Herri luze-zabaleko herri mugimenduko eragileek antolatu dituzten ekitaldiak, haien aletxoa jarriz gure borrokan. Esker mila bide hau hain samina izan ez dadin elkartasuna erakutsi duzuen herritar, eragile edo kolektibo guziei».

Hala ere, «segur aski ez da gure berri izanen duzuen hondarreko aldia, istorio ilun honek aitzinerat segitzen baitu. Oinarri ederra eskaintzen digute bildutako 70.000 euroek, baina izan daiteke gerora ere gehiago behar izatea; edo aise makurrago, zazpi auzipetuen kontrako zigor eskaera handiagoa izatea. Auzitegi Gorenera jotzean, berriz ere kartzela eta 43 miloi euroen mehatxua indarrean baitago».

Hortaz, «Aroztegia udaberriro loratu dadin lanean segituko dugu, behar den guzietan kolektiboki erantzunez eta herriaren aldeko borrokara elkartuz, desobedientzia zibila eta ekintza zuzenaren bidez. Borroka baita handiena!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun