Txirrindularitzaz eta euskal literaturaz mintzatu da Juan Luis Zabala Elizondon

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 17a

Utzitakoa.

Maiatzaren 9an Elizondon eginen den Euskal Herriko bizikletazaleen topaketaren harira, Baztango Talde Ekosozialak Juan Luis Zabala idazle eta txirrindularia gonbidatu zuen atzo Amezti elkartera.

Solasaldia hasi orduko, «globeroez mintzatuko zela iragarri zuen Zabalak, hau da, maillot eta likraz jantziriko errepideko txirrindulariez, alde batean utzirik bertze erabiltzaile motak. Globeroen artean, hain zuzen, kokatu zuen bere burua. Ironia, umorea eta bizi edo entzundako pasadizoak erabiliz eleketa ederra eskaini zuen».

Donostialdeko «bidegorrietako faunari aipamen zirikatzailea egin ondotik, bere txirrindulari zaletasunaz aritu zen, etxetik jaso zuen, Eddy Merckx-en garaian, telebistarik ez zen aldi hartan, egunkari eta irrati bidez. Lilura pizten zuten orduko txirrindulari handien balentriak harrapatu zuten. Gazte, nerabe zela berriz, bizikletan ondoko herriak ezagutu zituen: Zestoa, Elgoibar, Eibar… Orioraino ere iritsi zen noizbait. Gurasoen etxean ez zuten autorik, turismorik ez zen egiten, eta herritik ere guti ateratzen ziren, bizikleta, hortaz, ihesbide gertatu zitzaion, bakartia baina betegarria».

Bere izaera «herabera dela eta, bizitzako alderdi aunitzetan apal sentitzen dela erran zuen, baina bizikleta gainean, edo idazten, orduan indarrez beterik eta erraldoia sentitzen da».

Txirrindularitza literaturarekin lotuz, «maiz, bizitzaren metafora gisa erabili izan dela aipatu zuen. Oraingo txirrindularitza profesionala bera, oraingo gizarte gero eta lehiakorragoaren eta prekarioagoaren isla argia dela, konparazione».

Euskal literaturarekin lotura egiterakoan, «libururik osoena Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da dela erran zuen, Bartalli txirrindulari italiar mitikoaz ari den nobela. Bertze maila batean Mikel Hernandezen Airearen isla litzateke. Hortik haratago, nobelen artean bederen, berak bertze deusen berrik ez duela erran zuen».

Ipuinetan «uzta joriagoa da, berak baditu batzuk: Bizikleta andregai, erran modu batez, autobiografikoa dena. Ospa eta Dimisioa liburuetan ere, idatziak ditu txirrindulariak tartean diren kontaketak».

Haur eta gazte literaturan, berriz, «Eddy Merckxen gurpila, Javi Cillerok idatzia, edo bere Bideak, aldapak eta bihurguneak aipatu zituen. Bizikleta bidaian sailean, bertzalde, Nandusen Ilargia lagun beti hegoaldera mitikoa, Amaia Elosegi eta Esther Mugerzaren Txirringaren aienean, Junkal eta Xabier Lertxundiren Kaukaso-Kurdistan bizikletaz, eta Lorenzo Rojoren Munduan barrena bizikletaz».

Biografien atalean «Raul Perez nabarmentzen da, txirrindulari ospetsuen biziei buruz hainbat liburua idatziak ditu, tartean Tropel amaigabea izenburukoa, Donostiara etorri diren 100 txirrindulari entzutetsuez mintzo dena».

Eta nahiz eta euskaraz ez idatzi, «Ander Izagirre aipatu zuen, txirrindularitzari buruzko beren liburu batzuk Julen Gabiriaren itzulpenari esker euskaraz irakur daitezke. Mikel Bringas donostiarraren Ipar gazi hego geza ere halakoxea litzateke, edo Mikel Varlverderen Zank&Zoe ipuin ilustratua».

Bukatzeko «txirrindularitza euskal literaturan ez dela aunitz agertu erran zuen, baina idazle aunitz txirrindulariak direla. Eta hortik tiraka hainbertze pasadizo kontatu zituen, tartean Zarautzen idazle eta kazetari batzuk, bera tartean, urtero jokatzen zuten Aiara igatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun