Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko diru bilketa kanpaina hesteko kontzertu ederrak antolatu dituzte igandean Lekarozen

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 15a

Zortzi euskal artistek osatuko dute kartela: Gorka Urbizu eta Iñigo Astiz, Ibil Bedi, Pello Reparaz, Olaia Inziarte, Zea Mays taldeko Aiora eta Piti, Joseba Tapia, Bidenabar eta Ane eta Kattalin Barcena. Sarreran borondatea bilduko dute.

Aroztegiko Elkartasun Komiteak otsailaren 1ean abiatu zuen diru bilketa, zazpi auzipetuen zigor ekonomikoak eta epaiketako gastuak ordaintzeko. Orain jakinarazi dutenez, apirilaren 19an hetsiko dute kanpaina eta horretarako emanaldi berezia antolatu dute Lekarozko plazan hainbat euskal musikari ezagunekin.

Kontzertuak 17:00etan hasiko dira eta akustikoan izanen dira, giro goxoan. Zortzi artistek osatuko dute kartela: Gorka Urbizu eta Iñigo Astiz; Ibil Bedi; Pello Reparaz; Olaia Inziarte; Zea Mays taldeko Aiora eta Piti; Joseba Tapia; Bidenabar; eta Ane eta Kattalin Barcena.

Herrigunean kotxe pilaketak saihesteko, Lekarozko campusean aparkatzeko eta herrirat oinez igotzeko eskatu dute antolatzaileek. Gainera, ahal dutenek ibilgailuak konpartitzeko eta ingurukoei oinez hurbiltzeko galdegin diete. Ostatua eta afaltzeko bokatak ere izanen dira, eta norberak bere edalontzia eramateko eskatu dute.

Kontzertu solidarioak

Kontzertua sarrerarik gabekoa izanen da eta antolatzaileek borondatea bilduko dute jendearen artean. Diru bilketa kanpainan 70.000 euroko helburua paratu zuen taldeak, «Aroztegiko errepresio ekonomikoari aitzina egiteko», eta igandean hetsiko dute kanpaina. Hala ere, enpresak Espainiako Auzitegi Gorenera jotzen badu, etorkizunean beharrezko diru kopurua handitu daitekeela ohartarazi du taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun