Baztango Udalak eta Iruritako Herriak energia komunitate bat osatzeko prozesu parte hartzailea abiatu dute, «Iruritan bertan energia berriztagarriak sortzeko, kolektiboki autokontsumitzeko eta energiaren ekoizpenaz eta kudeaketaz arduratuko den herritarren erakunde bat sortzeko».
Herritarrak prozesuaren parte izateko talde eragilea sortuko dute, «Energia Berriztagarrien Herritarren Komunitatea martxan jartzeaz arduratuko den taldea». Horretarako, pertsona horiek «prestakuntza, gaikuntza eta kohesioa jasoko dute».
Prozesu parte hartzailean, lan saioen bitartez, «komunitatea abian jartzeko beharrezkoak diren hiru elementuen inguruan talde lan dinamikoa eginen da: energia berriztagarriak; gizarte, talde eta herri kudeaketa eta kohesioa; eta energia komunitateen inguruko araudia».
Iruritarrei horren berri emateko, udalak eta herriak bilera deialdia egin dute apirilaren 17an, 19:00etan Gizarte Bilgunean, Artelanek koordinatua.