Eguraldi ederra eta jende ugari Elizondoko Udaberriko ferian

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 13a

Giro polita izan zuten joan den ortzirale goizean Merkatuko plazan. 32 ahari aurkeztu zituzten Ahari lehiaketaren XXVI. edizioan eta SAT Amaiur gasnategiko kideek egin zuten urteko lehen ardi gasnaren mozketa

Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Eguraldia lagun izan zuen aurten Baztango Udalak eta Cederna Garalurrek antolatutako Udaberriko feriak eta jendetza bildu zuen apirilaren 10ean Elizondon. Ahari lehiaketaren 26. edizioa egin zuten bertan eta iaz baino ahari bat gehiago aurkeztu zuten, 32 guztira: 23 mutur beltz eta bederatzi mutur gorri. Horrez gain, behorrak eta behiak ikusteko aukera ere izan zen.

Ekitaldi ugari izan ziren goiz osoan: haurrendako birziklatze tailerra, txistulariak, bertako ekoizle eta artisauen merkatua… Eguerdian urteko ardi gasnaren mozketa ekitaldia izan zen, eta SAT Amaiur gasnategiko Beñardo Otondok eta Begoña Etxandik moztu zuten gasna. 1989an ireki zen gasnategia eta udalak eskerrak eman zien «urte hauetan guzietan egindako lanagatik».

Goiza borobiltzeko, ahari lehiaketako sariak banatu zituzten. Pello Etxegaraik, Joseba Zelaietak eta Jose Mari Rekartek osatu zuten epaimahaia eta hauek izan ziren irabazleak kategoria bakoitzean:

  • Urtebete arteko mutur gorriak:
    • 1. Manuel Bertiz (Beartzun)
    • 2. Mattin Santxotena (Elizondo)
    • 3. Sagrario Urroz (Arraioz)
  • Mutur gorriko ahariak:
    • 1. Nerea Mortalena (Arraioz)
    • 2. Manuel Bertiz
    • 3. Mattin Santxotena
  • Urtebete arteko mutur beltzak:
    • 1. Manuel Bertiz
    • 2. Miguel Angel Maritorena (Irurita)
    • 3. Norberto Agerre (Almandoz)
  • Mutur beltzeko ahariak:
    • 1. Manuel Bertiz
    • 2. Manuel Bertiz
    • 3. Begoña Etxalar (Almandoz)
Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun