Euskal Herriko Bizikletazaleen Topaketa antolatu dute maiatzaren 9an eta 10ean Elizondon Baztango Talde Ekosozialak eta Euskal Herriko Bizikletazaleen Elkarteak. Azaldu dutenez, «bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzen duten euskal elkarteen topaketa izanen da, eta bertan Euskal Herri mailan eratu den sarearen batzarra eta aurkezpena eginen dira». Gainera, «bide berdearen ospakizun herrikoia egiteko» baliatuko dute eguna. Hortaz, «bizikleta mugikortasunarekin zerikusia duten ekintzak izanen dira».
Topaketaren egitarauaren berri aitzinerago emanen dute, baina oraingoz, egunerako prestatzen hasteko, Juan Luis Zabalaren mintzaldia antolatu dute Errepidetik liburura: txirrindulariak euskal literaturan izenpean. Apirilaren 16an 19:00etan Amezti elkartean izanen da hitzordua.