Ikasturte honetan Gora Begira izeneko proiektua garatu dugu Bulegoko Informatikako Oinarrizko Mailetan. Horretarako, Micro:bit ordenagailu programagarria eta Weather:- bit txartelak erabiliz estazio meteorologiko automatizatu bat muntatu dugu.
Proiektuaren izenak esanahi bikoitza du: alde batetik, eguraldia aztertzeko eta ulertzeko gora begiratu beharrari erreferentzia egiten dio zeruan gertatzen denari arreta jarriz. Bertzetik, Oinarrizko Mailen helburu nagusiarekin bat egiten du, ikaslea berriz ikasketekin konektatzea eta etorkizunera begira jartzea, ikasketekin segitzeko.
Proiektuan ikasleek modu praktiko eta motibatzailean lan egin dute, egiazko egoeretan aplikagarriak diren ezagutzak eskuratuz. Programazio lengoaiarekin familiarizatzen joateko robotikako hainbat jarduera egin ditugu. Micro:bit-ak lan ezberdinak egiteko programatu ditugu: dado bat izateko, tenperatura aztertzaile, auto telegidatua…
Tenperatura, hezetasuna, haizearen abiadura eta prezipitazioa bezalako parametroak neurtuz, datuen bilketa, interpretazioa eta azalpena landu dituzte, autonomia, talde lana eta konfiantza indartuz. Esperientziak erakutsi du ikaskuntza esanguratsua posible dela teknologia, natura eta eguneroko errealitatea uztartzen direnean.
Proiektua ez da ikasgelan bakarrik garatu. Ikaskuntza esperientzia aberasteko, hainbat irteera didaktiko egin dira, non ikasleek ikasitakoa testuinguru errealetan ikusi eta ulertzeko aukera izan duten. Petritegiko edateko uren tratamendu estazioa ezagutu dute uraren garrantziaz ohartzeko eta Eureka! Zientzia Museoan Lego Robotics tailer bat egin dute, bertzeak bertze.
Datozen asteetan, proiektuari akabaila emateko, Amaiurko Eskolako urmaelera irteera eginen dugu. Bertan, Aranzadi Zientzia Elkarteak gidaturik inguruko fauna eta flora behatuko dira, eta eguraldiak ekosistemetan duen eragina aztertuko da.
Hezkuntza Departamentuaren Futura programak diruz lagundu du proiektua, irteerak, ekipamendua eta difusioa ordainduz.
Aldaketak Oinarrizko Mailan
Datorren ikasturtean, Oinarrizko Maila Bulegoko Informatika izatetik Zerbitzu Komertzialak izatera pasatuko da. Honekin, ikasleak DBH eskuratzeaz gain, eskualdean pisu handia duten komertzioetan lan egiteko prestatuko dira. Orain arte bezala, proiektuetan oinarrituriko ikaskuntza eramanen da aitzinera.
Aurrematrikulazio epea
Apirilaren 20tik 30era aurrematrikulazio kanpaina irekita egonen da. Epe horretan, Oinarrizko Mailetan izena emateko aukera izanen da, ikaskuntza praktikoa, hurbila eta etorkizunera begirakoa eskaintzen duen hezkuntza proiektu baten parte izan nahi dutenendako.

