Baztango Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuak herriko bestetan indarkeria matxistari eta sexistari arreta egokia emateko formazio saioak antolatu ditu aurten ere, «besta seguru eta parekideagoak sustatzeko helburuarekin». Bi saio izanen dira, lehenbizikoa apirilaren 25ean eta bigarrena ekainaren 6an, eta interesa dutenek bietako bat aukeratzen ahalko dute. Larunbatarekin izanen dira biak, 10:30etik 12:30era Arizkunenean.
Formazioa herritar guziei zuzendua dago, «baina bereziki besta komisioetako kideengana eta azken urteetan gure herrietan antolatzen hasi diren brigada moreetan parte hartu nahi dutenengana» ailegatu nahi dute. Saioetan «prebentziorako gakoak, jarduteko irizpideak eta indarkeria matxistako egoeren aitzinean lehen arreta egokia nola eman» landuko dute, «erantzun koordinatu eta eraginkorra bermatzeko aitzineko urteetako esperientzietatik eta ikasitakotik abiatuta».
Izena ematea beharrezkoa izanen da eta horretarako eskuragarri daude hurrengo helbide elektronikoak eta telefono zenbakiak: berdintasuna@baztan.eus, gizartezerbitzua@baztan.eus, 613 003 634 eta 689 035 078.