Apirileko elkarretaratzean plataformak adierazi zuenez, «osasun arreta argi gehixeagorekin ikus dezakegu. Iruñetik diote Elizondon eta Baztanen osasun zaintzarako postuak beteak daudela, baina guretako ez da nahikoa. Osasun arreta duina eman ahal izateko, medikuek prestakuntza osoa eta egonkortasuna izatea eskatzen segitzen dugu. Bertzalde, berrabiltze edo fisiologia arretan gabezia handiak daude, horretarako hilabeteak esperatu behar baita. Espezialitate honetako medikuak hilabetean bi egunetan bakarrik izatea eskasa dela deritzogu, batez ere zerbitzua Baztan-Bidasoa mailan ematen delakoz».
Nafarroako Foru Osasun Lege berriaren proiektuari buruz «berri onak» daude: «proiektuaren txostengileen eta EH Bilduren artean akordio bat erdietsi dute, eztabaida desblokeatze aldera. Bide luzea gelditzen da legea onartu arte, baina tramiteak bere bidea egiten segitzen du. Desblokeatzeko gakoak izan dira izaera publikoa izatea, langileen lan baldintzak kontuan hartzea eta arreta duina emateko baliabideak jartzea. Orain alderdi politikoei, sindikatuei eta eragile sozialei entzun beharko zaie, lege justu bat egin nahi bada».
Bertzetik, «eskualdeko lantegi batean geldialdiak egin zituzten, zenbait lan istripuren aitzinean Mutuak izandako jarrera salatzeko. Lan istripu Mutuak diru publikotik hornitzen dira, baina enpresa buruen interesen arabera artatzen dute jendea. Ezin daiteke onartu langile batek istripua izatean, zauria zenbait puntuz josi eta berriz lantegira bidaltzea. Lan istripuetan ere langile guztiei arreta publikoa eta duina ematea aldarrikatzen dugu».
Azkenik, apirilaren 21ean eginen dute Baztango Osasun Kontseiluaren bilera, eta horretan Baztango Osasun Plataformako kideek parte hartzeko tramiteak egin dituzte. Gainera, hilaren 29an Nafarroako EH Bilduren Osasungintza programa aurkeztuko dute Arizkunenean 18:30ean.