«Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugan ibiltzea gustuko dut»

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 5a

Ernesto Prat Aroztegia inguruan, 'Lurra, Larru, Larra' trilogia eskuetan duela.

Telleria eta gero, zer? (2017) eta Mendeku eskubidea (2024) liburuen ondotik, Baztanen oinarritutako trilogia borobildu du Ernesto Pratek (Berriozar, 1978) bere azkeneko eleberriarekin: Muga hautsien hegalak. Emaitzarekin «gustura» gelditu da, «aise irakurtzen den liburu bat da, osagai eta giro aunitzekin».

Nolakoa izan da sormen prozesua lehenbizikotik hirugarrenera?

Ikasketa prozesu bat izan da niretako, liburuak nola idatzi eta tramak nola egin. Lehenbizikoaren idazketa ez zen hain gozagarria izan; trama korapilatsua zen, beharbada sobera gauza sartu nahi nituen, eta korapiloa egitea gauza bat da, baina gero bukaeran hori guztia askatu behar da eta zaila izan zen. Hori da arrazoietako bat lehenbizikotik bigarrenera hainbertze denbora utzi izateko. Bigarrenetik hirugarrenera, aldiz, tartea urte pasakoa izan da. Azken horietan idazketa prozesua erabat ezberdina izan da, argudioak bertze modu batez antolatu ditut eta aunitz gozatu dut idazten. Eta uste dut hori emaitzetan ere nabari dela, arinago irakurtzen diren liburuak dira.

Pertsonaien garapena ere aldatu da liburutik liburura, ezta?

Bai, pertsonaia nagusia batez ere. Protagonistaren joan-etorriak dira liburu guzietako hari nagusia eta neska bera izan arren, liburu bakoitzean izen ezberdina du; lehenbizikoan Lurra, bigarrenean Larru eta azkenekoan Larra. Bere etengabeko berrasmatze horretan, zerotik hasteko asmoarekin, bere buruari izengoitia aldatzen dio. Horrek eman dio izena trilogiari: Lurra, Larru, Larra trilogia, hain zuzen.

Zein izan dituzu inspirazio iturri azken liburuan?

Liburua pandemia garaian oinarritua dago eta hiru gai nagusi desberdintzen dira. Lehenbizikoa Telleria egitasmo urbanistikoaren kontrako erresistentzia da; makinak heldu dira proiektua gauzatzera eta herritarrak antolatu egiten dira eta kanpaldia hasten dute obrak gelditzeko. 

Mugak ere inportantzia berezia du, ez?

Bai, bigarren haria migratzaileen pasa da, baina ez ikuspegi historiko batetik, baizik eta gaur egungo ikuspegitik. Izan ere, pandemian, Frantziako armadak eta poliziak Behobiako muga hetsi zutelarik, migratzaileek Bidasoan goiti barnealdera jo zuten, muga pasatzeko asmoarekin. Batzuei idurituko zaie migratzaileen pasa iraganeko kontu bat dela, baina gaur egun pil-pilean dagoen gaietako bat da. Zoritxarrez, munduak gaizki banatua segitzen duen bitartean, izanen da jendea bere herria utzi eta etorkizun hobe baten bila abiatuko dena, eta bide horretan muga aunitz aurkituko ditu.

Eta hirugarrena?

Hirugarren haria hogei urte lehenago gertatutakoa da; Itoizko urtegia egiteko Artozki herria hustu nahi zutelarik, solidarioek erresistentzia gune bat antolatu zuten eta Artezki izeneko dinamika bat sortu zuten. Euskal Herriko hainbat margolari, musikari eta artistek haien lanak eman zituzten erakusketa bat antolatzeko, eta herria hiltzen bazuten, harekin batera geldituko ziren ur azpian. Baina poliziak herria hustean, bertako artelanak desagertu ziren. Handik hogei urtetara lan horietako batzuk agertu ziren. 2023an Itoizko solidarioek kanpaina bat hasi zuten, erakusketak antolatu zituzten berreskuratutako lanekin eta desagertutakoak salatu zituzten. Nik desagertutako lan horietako baten gorabeherak asmatu ditut fikziotik.

«Baztan bukoliko horretatik urrun dago errealitatea»

Fikzioaren eta errealitatearen artean jostatzen ari zara beti, ezta?

Joko hori interesgarria iruditzen zait ikakurle bezala. Fikzioak beti errealitatean ditu oinarriak, baina hor dago gakoa, zein gradutan den fikzioa eta zeinetan errealitatea. Nobela bat irakurtzen ari naizenean muga hori non dagoen argi ez izatea gozagarriago suertatzen zait, eta idazle gisa ere antzeko jokoa egiten dut. Errealitatetik hartutako osagaiekin fikzioa eraikitzen dut eta zaila da jakitea noraino ailegatzen den bakoitza.

Fikzioan errealitatea sartze horretan, bigarren liburuan zeure burua sartu zenuen istorioan…

Bai, bigarren liburuak ere hiru hari ditu, baina kasu honetan hari bakoitza pertsonaia bat da. Lehenbiziko zirriborroan idazlea asmatutako pertsona bat zen, bertze izen batekin, baina gero hori aldatu nuen, zentzua galtzen zuela iruditu baizitzaidan. Izan ere, asmoetako bat zen zentsura saiakera salatzea; politikari batzuk Telleria eta gero zer? zentsuratzen saiatu ziren Lekarozko institutuan irakurtzen zelako. Afera Nafarroako Parlamentura eraman zuten eta bertan eztabaidatu zuten liburua egokia ote zen. Niretako, zentsura saiakera argia izan zen. Bigarren liburua mendeku bezala idatzi nuen, liburuko pertsonaia bakoitzak badu bere mendekua, baina idazle bezala nik neuk ere bai. Idazteko eskubidea aldarrikatzeko modu bat izan zen. Hala ere, fikzioa izaten segitzen du, autofikzioa.

Fikzioa zein zentzutan?

Zentzu aunitzetan. Adibidez, ni ez naiz atxilotua eta torturatua izan; Guardia Zibila ni atxilotzera etorri zenean ihes egin nuen, eta horretan eman nituen urte batzuk. Liburuan, aldiz, atxilotu eta torturatu egiten naute. Nire inguruan hainbat lagun torturatu dituzte eta galdera hori beti izan dut buruan: nola erreakzionatuko nuke nik torturaren aitzinean? Horri erantzuna eman nahi nion. Torturatik ez dakizu inoiz nola aterako zaren psikologikoki, eta kezka hori izan dut beti. Bertzetik, idazlearen barne gatazkak ere esajeratuak dira. Aunitzetan solastatzen da orri zuriaren krisiaz edo blokeoaz, eta pertsonaia garatzeko argumentu bezala erabili nuen. Baina nire errealitatea, zorionez, guztiz ezberdina da; ez dut ideia faltarik izaten, ideia horiek garatzeko denbora falta baizik!

Gai ugari lantzen dituzu trilogian: inmigrazioa, polizia, drogak, indarkeria matxista, abeltzaintza… baztandarren errealitatea da?

Ez denena, baina bai. Baztanen badaude nekazariak baina bagara kalekumeak ere. Poliziaren kasuan, adibidez, argi nuen agertzea nahi nuela, zeren aunitzendako nobela beltza eta polizia nobela sinonimoak dira eta niretako ez da inondik inora horrela. Gauza bat da polizia agertzea eta bertze bat polizia nobela izatea. Nire liburuetan polizia aunitz agertzen da baina ez dira polizia nobelak, horietan ikusi eta salatzen da poliziaren jarrera Euskal Herrian eta zehazkiago Baztanen.

Toki aproposa da Baztan nobela beltz baterako?

Toki guziak dira aproposak nobela beltz bat idazteko. Hori argi uzten dute (H)ilbeltzan mahai inguruetara, aurkezpenetara eta eztabaidatzera etortzen diren idazleek. Nire kasuan orain nobelak Baztanen girotuak dira, baina nire lehenbiziko liburuetako bat, Orpoz orpo, Iruñea aldetik abiatutakoa da. Gai batzuk dokumentazioarekin jantzi behar dira, baina orokorrean, bakoitzak bere inguru eta ezagutzatik idazten du.

Nolako Baztan irudikatu nahi izan duzu trilogian?

Nire ustez, liburu bat girotzerakoan, nabari egiten da idazlea bertan bizi den edo ez. Landa eremuaren kasuan, nabari da idazleak hiritik idatzi badu; mistifikatzeko joera izaten da, dena ponposo agertzen da. Aldiz, bertatik idaztean, leku arrunt bat bezala deskribitzen da, artifizio magikorik gabe. Gaur egun ditugun problematikak, aunitzetan, hiri bateko edozein auzotako berdinak izaten ahal dira. Adibidez, hemen badaude familia aunitz hilabetero elikagaiak jasotzen dituztenak eta aitzinera ateratzeko laguntza behar dutenak. Batzuei iruditako zaie Baztan bukoliko eta polit horretan dena zoragarria dela, baina hemen ere baditugu horrelako errealitate eta egoera latzak.

«Aroztegiko borroka islatu nahi izan dut Tellerian»

Telleria da trilogiaren osagai garrantzitsuenetako bat, Aroztegiaren fikziozko paralelismoa.

Hiru liburuak lotzen dituen harietako bat da Telleriko egitasmo urbanistikoa. Trama hori Lekarozko Aroztegiko proiektuarekin lotuta joan da; lehenbiziko liburuan proiektuaren lehenbiziko urratsak agertzen dira, bigarrenean garapena eta hirugarren kasu honetan erresistentzia eta kanpaldia. Gertaera horiek beti fikziotik biltzen dira, Telleria ez baita Aroztegia, baina ezin da ukatu proiektuarekin harremana izan duela. 

Zer du egiatik Telleriko proiektuak?

Datuetan egiatik pila bat du, baina liburuan proiektua ez dago Lekarozen kokatua, Gartzainen baizik. Hori nahita hartutako erabakia da, Lekarozen kokatu izan banu, oraino zailago izanen zelako biak bereiztea. Aroztegiko gatazkaz idatzi nahi nuen, baina fikziotik eta horretarako behar nituen argudioak asmatuz. Hortik goiti, proiektuaren ezaugarriak eta horren kontrako borroka arras antzekoak dira, kasik herri mugimenduaren kronika bat bezala irakurtzen ahal dira liburuak. Trilogian borroka horren segida egin dut eta gertatutakoa islatu nahi izan dut, eta obrak gelditu dituztela ospatzen akitzen dute. Aroztegiko kasuan ere obrak geldituak dira, baina proiektua ez. Hori argi erran zuen joan den urteko epaiketan Aroztegiko Elkartasun Komiteak. Behin baino gehiagotan ospatu da Aroztegiko borroka irabazi dela, eta handik denbora batera enpresa berriz agertzen da antzeko proiektu batekin. Baina garaipenak lortzen direnean ospatu egin behar dira, eta gero gerokoak.

Akitutzat eman duzu saga?

Bai, azkena dela erranen dugu. Lehenbizikoa ez zen idatzi saga baten parte izateko asmoarekin, ondotik modu inprobisatuan sortu zen trilogiaren ideia. Hala ere, azken liburuan, erabakia hartu gabe ere, historia nahiko modu naturalean hesten dela iruditzen zait. Gaur egun Aroztegiko sustatzaileek oraindik baimena dute, nahi izanez gero proiektuarekin segitzeko. Baina nik beti erraten dut, ez sobera altu, Aroztegiko borroka sozialki eta politikoki irabazia dugula. Proiektuak ez du segidarik, edo hala espero dut, eta horregatik diot trilogia ere hemen akitzen dela.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun