Udaberriko feria eginen dute apirilaren 10ean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 6a

Urtero bezala, goiz osoko egitaraua prestatu dute Merkatuko plazan Baztango Udalak eta Cederna Garalurrek

Apirilaren 10ean, ortziralean, izanen da aurten Udaberriko feria Elizondon. 10:00etan azienda feria hasiko da, eta aurten Ahari lehiaketaren XXVI. edizioa eginen dute. Ordu berean bertako artisauen eta ekoizleen azoka eginen dute. Haurrendako ere izanen da zer egin, Birziklatuz sortu tailerra eginen baitute 10:30etik 13:00etara. 11:00etatik aitzinera txistulariek alaituko dute giroa eta 12:00etan, berriz, Baztango Dantzari Ttikiek dantza ikuskizuna eginen dute. 12:15ean urteko ardi gasnaren mozketa ekitaldia izanen da, eta 12:30ean bertako produktuekin batera dastatzen ahalko da. Goiza borobiltzeko, Ahari lehiaketaren sariak banatuko dituzte 13:00etan.

Baztango alkateak eta udalak aukeratutako bi lagunek osatuko dute epaimahaia eta 12 sari emanen dituzte guztira: urte bat arteko mutur gorriei hiru eta mutur beltzei bertze hiru; eta urte batetik goitiko mutur gorriei ere hiru eta beltzei bertze hiru.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun