Kurdistan edo kurduen nazioa lau estatutan banatua dago gaur egun: Turkia, Siria, Irak eta Iran. Rojava, hain zuzen, Siriak okupatua duen lurraldea da, eta 2 milioi lagun inguru bizi dira bertan. 2011n Siriako gerra zibila piztu zen Baxar al-Assaden erregimenaren kontra, eta kurduak ere, pairatzen zuten errepresioagatik, kontra agertu ziren. Horrela, 2012an Rojavako Iraultza hasi zen eta al-Assaden tropa militarrak bertatik erretiratzea lortu zuten. Handik bi urtetara, kurduek ofizialki martxan paratu zuten Siriako Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoa, hau da, asanbladen bidez osatutako konfederalismo demokratikoa. Gainera, YPJ ere sortu zuten, emakumeek osatutako armada. Aldi berean, ISIS eta Al Qaedaren kontra borrokan ari ziren, eta 2015ean lortu zuten Estatu Islamikoa garaitzea eta eskualdetik kanporatzea.
Aldaketak 2024an etorri ziren, al-Assaden erregimena erori eta HTS talde jihadistak Siriako agintea hartu zuenean. Administrazioaren mehatxupean, kurduak Sirian integratzeko negoziazioan ari dira. Su etena adostua baldin badute ere, «egoera delikatua bizi dute, guda edozein momentutan lehertuko delakoan». Testuinguru horretan, haien egoeraren berri emateko laguntza eskatu dute nazioartean eta otsailean Qamishli hiria bisitatu zuen Euskal Herriko delegazio sozial batek: Lander Arbelaitz Mitxelena, Jose Javier Oses Carrasco, Mikel Zuluaga Uriarte eta Garbiñe Elizegi Narbarte lekaroztarra.
Nola sortu zen Rojavara joateko aukera?
Sirian izan duten gobernu aldaketarekin eta bizi duten egoera estuarekin, kurduek nazioarteko deialdia egin dute laguntza eskatuz, hango errealitatea ezagutu eta zabaltzeko. Euskal Herriko mugimendu feministak aspalditik izan du harremana Rojavarekin eta hango borrokarekin, eta duela urte batzuk bertako delegazio feminista bat ere harat joan zen. Kasu honetan gonbidapena ailegatu zitzaigun bertze leku batetik, eta erabakia hartzeko denbora aunitzik gabe, lau lagun joan ginen Euskal Herritik.
Zein helbururekin joan zineten?
Hango egoera ezagutzea eta Euskal Herrian zabaltzea. Nazioarteko jende gehiago ere bazegoen, izan ere, han arras ongi antolatuak daude kanpokoei harrera egiteko eta informazioa emateko. Sei egun pasatu genituen gelditu gabe elkarrizketak egiten eta informazioa biltzen.
Zer espero zenuten han aurkitzea?
Gu joan aitzinetik oraindik su eten akordioa sinatu gabea zuten, eta bagenekien arriskua bazela. Baina aldi berean, haiengan konfiantza genuen; bagenekien sartzea ezinezkoa bazen, erranen zigutela. Bertze aldetik, joan baino lehen beti aditzen genuen Rojavako Iraultza desegina zela eta kurduek amore emana zutela.
Eta zer aurkitu zenuten harat ailegatzean?
Errealitatea guztiz desberdina dela. Egia da kurduek kolpe handia hartu dutela eta momentuz eremu batzuk galdu dituztela, baina herri arras antolatua da, borrokatzeko prest. Argi dute bizirik iraun nahi dutela, eta haien antolatzeko modua, hizkuntza eta kultura mantendu nahi dituztela. Haien sistemak hiru oinarri ditu: emakumeen askapena, zuzeneko demokrazia eta ekologia. Eta oinarri horiek defenditzeko prest daude, baita Siriarekin egiten ari diren negoziazioan ere.
«Herritarrek autodefentsa antolatzen dute auzolanean»
Nolakoa izan da bertako esperientzia?
Arras ona eta interesgarria. Segurtasuna bermatze aldera, hango mugimenduaren eskutik joan ginen leku guzietara. Hiri handia da Qamishli, eta etxe eta auzo aunitz ezagutu genituen. Egunez bakoitzak bere eguneroko bizitza egiten du: eskolak, komunak, kontseiluak eta antolakuntza mantentzen dituzte. Baina gauetan autodefentsa antolatzen dute auzolanean. Armak hartzen ahal dituen herritar orok, gizon zein emakume, hartu eta txanda egiten du kanpoan. Txanda ez da erasorako, auzoa zaintzeko baizik. Izan ere, gobernuarekin akordioan adostu zuten militarrak hiriguneetatik erretiratzea, baina oraindik ISISeko zelulak dituzte hiri barnetan, eta atentatuak egiteko agindua dute. Horrela jokatzen du Siriako gobernuak; su etena sinatu dutela erraten dute, eta ez daudela ados ISISekin, baina egiazki dena bat da. Kurduek ere haien militarrak atera zituzten hiritik, eta orain herritarrak dira haien buruak defenditzen dituztenak.
Emakumeek paper garrantzitsua izan zuten Rojavako Iraultzan, ezta?
Bai, kurduek azpimarratzen dutena da, haien herriaren errepresioa hasi zenetik, emakumeen zapalkuntza egon dela oinarrian. Hortaz, haien askapenerako borrokan, oinarri dute ere emakumeen askapena. Horren inguruko ikerketa zentroak dituzte eta formakuntzak egiten dituzte, eta emakumeen presentzia bermatzen dute komuna eta kontseiluetako ardura postu guzietan. Gainera, egitura paralelo batzuk ere badituzte: emakumeen herri bat, etxeak, defentsa unitateak… batez ere autodefentsara zuzendua. Filosofia horretan formakuntza jasotzen dute sistemaren barne dauden guziek: eskoletan, komunetan, kontseiluetan, armadetan, administrazioetan… Noski, oraindik arazo aunitz dituzte, badakigu 14 urtetan ez dela patriarkatuarekin akituko. Baina bidea inportantea da, eta haiek oinarri horretatik abiatuta jorratzen ari dira haien bidea.
YPJ emakumeen armada barnetik ezagutzeko aukera ere izan duzue…
Bai, bertako komandantea eta ardura postuetan dauden kideak elkarrizketatzeko aukera izan genuen eta aski interesgarria izan zen. Armada nola eta zergatik sortu zen azaldu ziguten eta argi utzi zuten ez direla munduko bertze armadak bezala: beren burua defenditzeko beharretik sortu zen armada, emakumeen kontra bereziki bortitza izaten ari den gerra batean. Haien arteko giroan ere nabaritzen da nolako harremana duten. Adibidez, aukera dute haien komandanteak aukeratzeko, eta hori ez da gertatzen bertze tokietan. Sirian integratzeko HTSrekin duten negoziazioan ere parte hartzen ari dira.
Zein egoeratan daude negoziazioak?
Kurduek argi utzi dute emakumeen eskubideak bermatzea dela haien marra gorrietako bat. Ez bakarrik Kurdistango emakumeen eskubideak, baizik eta Siria guzikoak. Hala ere, badakite baldintza hori mantenduz gero, arras zaila izanen dela administrazioak onartzea, HTSk planteatzen duenaren guztiz kontrako ideia baita. Kurduek argi dute erasotuak izaten ari direla, hain zuzen, gaur egun mundu mailan dugun sistemaren alternatiba erreal bat direlako, ez bakarrik teorikoa, baizik eta praktikan jarri dutena eta momentuz funtzionatzen duena, bere arazo eta konplexutasun guziekin. Horregatik egiten zaio etsaiari hain beldurgarria haien planteamendua, eta are gehiago emakumeek duten rola. Siriak bertze planteamendu bat egin die, Iraken menpe dagoen Kurdistanen antzeko gobernu bat jartzea: gobernu kapitalista, AEBren aliatua eta munduko eliteen mesedetara egoteko prest dagoena. Baina Rojavan argi dute hori ez dela kurdu bezala nahi duten sistema.
Zer gertatzen ari da Kobane hirian?
Negoziazioan armadak hirietatik ateratzea erabaki bazen ere, Kobaneren kasuan HTSk hiria inguratua mantentzen du oraindik. Desplazatu aunitz badaude eta tentsio puntu handia da momentuan. Egun aunitz egon dira bertatik atera gabe, eta neguan argirik gabe pasatu dituzte aste batzuk. Kurduek diote hiria irekitzen ez badute, haien armadak joanen direla eta liberatuko dituztela. Baina noski, hori gertatzen bada, gerra abiatuko da berriz.
Euskaldun gehiago ere joan izan dira Rojavara, ezta?
Bai, han bazeuden euskaldun batzuk lehenagotik joanak zirenak, batzuk duela urteak, eta han bizi direnak. Internazionalista bezala joan ziren, mugimenduarekin bat egitera eta iraultzaren alde. Eta noski, euskaldunak bezala, bertze hainbertze herrialdetakoak ere bazeuden: alemaniarrak, katalanak, kolonbiarrak, italiarrak…
«Kapitalismoaren alternatiba erreala sortu dute Rojavan»
Nola ikusten dute bere etorkizuna kurduek?
Egoera horretan zailtasunak dituztela ikusten dute, baina animoz arras ongi daude. Herri bezala kohesionatuak daude, borrokatzeko indar eta gogoarekin, eta batez ere arras konbentzituak beraien iraultzan. Horrek sekulako indarra ematen die. Egia da militarki eta politikoki egoera zaila dutela, baina beti izan dute egoera zaila, zailtasun horretan bizi izan direlako belaunaldiz belaunaldi. Historikoki oztopo aunitz izan dituzte, baina orain ilusio handia dute, iraultza hasi zenetik lehenbiziko aldia delako haien antolatzeko espazioa eta administrazioa dutela. Gainera aunitz dira, herri handia da eta estutasun egoeratan bertze eremuetatik laguntzera etortzen zaie, bere bizia emateko prest dagoen jendea. Diasporan ere indar handia dute, eta badute finantziazioa. Hortaz, indartsu ikusten ditut. Etsai handiak dituzte, baina orain Iranekin eta mundu mailan hain nahasia dago giroa, edozer gauza pasatzen ahal dela. Eta kurduak prest daude aukera guziak aprobetxatzeko.
Zuk ze balorazio egin duzu?
Bidaia irakaspen handia izan da. Hemen ere gauza aunitz baditugu lantzeko, eta han ikasitakoa baliatzen ahal dugu. Euskaldunok borroka amankomun bat dugu herri kurduarekin, elkartasun eta internazionalismo handia izan dugu beti haiekin. Lotura hori sendotu behar dugu, eta hau hori egiteko aukera bat izan da. Ez dugu bidea akitutzat ematen, haiekin harremanetan segitzen dugu eta niretako, hau, elkarlan baten hasiera izan da.
|
Nondik dator kurduen gatazka? |
| Aspalditik datorren gatazka da kurduena, Elizegik azaldu bezala: «Historiari erreparatuz gero, kurduek azpimarratzen dute Kurdistanen egoerak okerrera egin zuela nabarmen nazio estatuen antolaketa sortu zenean. Lehen Mundu Gerraren ondotik, Otomandar Inperioa erori zenean, Britania Handiak eta Frantziak mapa hartu zuten eta, bertze leku aunitzetan bezala, Kurdistan lautan banatu zuten. Ordura arte, haien funtzionatzeko modua mantentzen zuten eta haien hizkuntza eta kultura bermatuak zituzten. Baina kurduen herria zatitzean, haien kontrako zapalkuntza gogorra hasi zen lau estatuen aldetik: Turkia, Siria, Irak eta Iran. Azken finean, nazio estatuen egitura bera ere kolonizatzailea da. Hortaz, hasieran estatu kurdua aldarrikatzen bazuten ere, orain erraten dute estatuaren egitura bera zapaltzailea dela eta antolatzeko planteatzen duten modua konfederalismo demokratikoa da. Hala ere, badituzte bere administrazio, armada eta egiturak». |
