Nafarroako Gobernuak 416.000 euro inbertitu ditu Oronoz-Mugairiko eguneko zentro berrian

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 25a

Desgaitasuna duten 65 urtetik beheitiko pertsonei zuzendua egonen da zentroa eta Baztan-Bidasoko 21 udalerriei emanen die zerbitzua

2023an abiatu zuten Baztan-Bidasoko udalek Oronoz-Mugairiko Zunda etxean desgaitasuna duten pertsonendako eguneko zentro bat egiteko proiektua. Aurten bigarren faseko eraikuntza lanak hastea aurreikusi dute, eta proiektuak totalean 600.000 euro inguruko kostua izanen du. Horietatik Nafarroako Gobernuak 416.524 euro ordainduko ditu, eta gainerakoa eskualdeko udalerriek.

Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak lanak bisitatu zituen atzo, eskualdeko alkate, ordezkari eta familiekin batera. Eraikinak hiru solairu eta 553 metro karratu izanen ditu guztira, eta desgaitasuna duten 15 lagunendako tokia izanen du. Baztan-Bidasoko 21 udalerrietan emanen du zerbitzua: Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan, Bertizarana, Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Oiz, Urroz, Donamaria, Sunbilla, Beintza-Labaien, Saldias, Eratsun, Ezkurra, Etxalar, Arantza, Igantzi, Lesaka eta Bera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun