Iruritako V. Mendi Duatloian izena emateko epea irekia

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 24a

Maiatzaren 1ean eginen da proba eta 24,8 kilometro izanen ditu ibilbideak guztira, 8,8 km lasterka eta 16 km bizikletan

Joan den urtean atsedenaldia egin ondotik, Iruritako gazteek bertze behin antolatu dute mendi duatloia, eta borzgarren edizioa izanen da aurtengoa. Maiatzaren 1ean eginen dute proba eta izena ematea dagoeneko irekia dute kirolprobak.com webgunean, apirilaren 26ra arte.

Banaka edo binaka egiten ahalko da lasterketa eta guztira 24,8 kilometro izanen ditu ibilbideak, horietatik 8,8 lasterka egiteko eta 16 bizikletan. Bakarka parte hartzeko 25 euro ordaindu beharko dira eta erreleboka, berriz, 35 euro.

Baztan-Bidasoko Mendi Duatloi Txapelketa

Aurten, gainera, Baztan-Bidasoko Mendi Duatloi Txapelketa eginen dute lehenbiziko aldiz: Iruritako, Sunbillako eta Igantziko mendi duatloiek osatuko dute txapelketa, hiru herrietako antolatzaileek elkarlanean sortua. Txapelketarako guttienez hiru probetatik bitan parte hartu beharko da, eta bikoteen kasuan, berdinak mantendu beharko dira lasterketa guzietan. Apirilaren 11n izanen da Sunbillako duatloia, eta Igantzikoa, berriz, apirilaren 25ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun