«Baztan ikusi dudan moduan irudikatzen saiatu naiz filmean»

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 21a

Raul BARRERAS CANALES, zinemagile bizkaitarra.

Ttikitako pasioari segituz, gaur egun Bilbon bizi den zinemagilea da Raul Barreras Canales (Karrantza, 1986). Joan den urtean Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programan parte hartzea erabaki zuen, eta Baztan egokitu zitzaion sorkuntza lan bat egiteko helmuga gisa. Bertako egonaldian bere bigarren film laburra ondu du, Bitartean, gero, elkarrizketa errealekin osatutako fikziozko lana. Martxoaren 27an aurkeztuko du Elizondon.

Nondik heldu zaizu zinemarako interesa?

Ez dakit seguru esaten. Nire familian ez da inor zineman edo artearen inguruko lanetan aritzen, beraz, ez dut zinemagintzara lotu ninduen leku edo momentu zehatz bat. Baina ttikitatik oso zinemazalea izan naiz; Karrantza osoan ez dugu zinemarik eta aitarekin joaten nintzen Bilbora pelikulak ikustera. Hori izaten zen asteko egunik hoberena niretzat.

Nola hasi zinen mundu honetan lanean?

Gaztetan ez nuen uste zinemagintzan lan egitea posible izango zenik, ez nuelako inor ezagutzen horretan aritzen zenik. Baina Kubara ikastera joan nintzenean jende asko ezagutu zuen. Zinemako ikasketak egin nituen eta muntaian espezializatu nintzen. Lana aurkitu nuen editore moduan eta pixkana-pixkana lortu nuen mundu honetan sartzea. Kuban, Mexikon eta Dominikar Errepublikan aritu nintzen lanean, eta duela sei urte itzuli nintzen Euskal Herrira. Orain editore moduan lan egiten dut batez ere, baina gidoiak idazten eta zuzendari lanetan ere aritu naiz. Arnasa izan zen nire lehenbiziko film laburra, Hernanin filmatu nuen orain duela lau urte, eta 15 minutuko lana da. Bigarrena Bitartean, gero izan da, lan luzeagoa, 30 minutukoa, eta ausartagoa esango nuke. Baztanen oinarritutako filma da, Udalbiltzaren laguntzarekin egindakoa.

Zergatik parte hartu zenuen Geuretik Sortuak programan?

Udalbiltzak sortzaileei ematen digun aukera oso berezia eta aberasgarria da. Herri ezezagun batera joatea, bertako bizimodua eta biztanleria ezagutzea eta hori islatzen duen lan bat sortzea. Erronka hori asko gustatzen zait, kultura, sortzaileak eta herria elkartzen dituelako. Ni ere landa eremuan sortu nintzen eta badakit batzuetan zaila dela horrelako guneetan kultur proposamenak edukitzea, eta programak horretan laguntzen du. Gainera, ekimenari esker jende asko ezagutzen da, udalen eta sortzaileen arteko lotura egiten baitute lankidetza sustatzeko.

Beraz, deialdi aproposa da sorkuntza lanetarako?

Normalean edozein sorkuntza deialditan aldez aurretik gidoi finko bat aurkezteko eskatzen dute, baina kasu honetan ez da horrela. Ideia bat aurkeztu dezakezu, eta gero egonaldian ideia hori garatu egiten duzun lanarekin. Nire kasuan, adibidez, herri bateko jendeari elkarrizketak egiteko ideia nuen, eta horretarako aproposa zen deialdia. Elkarrizketekin hasi nuen proiektua, eta hori editatu ondotik idatzi nuen gidoia. Prozesu horretarako ezinbestekoa da dirulaguntza bat izatea.

«Baztandarrak oso eskuzabalak izan dira bere emozioak eta bizipenak partekatzen»

Baztan tokatu zitzaizun. Nolakoa izan da egonaldia?

Oso ona. Lehenagotik bizpahiru aldiz ibilia nintzen Baztanen, baina ez nuen oso ondo ezagutzen, bisitan edo egun pasa bakarrik. Martxoan hasi nintzen proiektuarekin eta lehenik bi astez egon nintzen Elizondon. Orduan kotxearekin mugitzen ibili nintzen Baztandik barrena dena ezagutzeko. Ana kultur teknikariaren bitartez kultur arloan aritzen diren hainbat baztandar ezagutzeko aukera ere izan nuen. Gainera, proposamen publiko bat egin nuen jendearengana hurbiltzeko. Lehen egonaldi hori oso produktiboa izan zen, jende asko ezagutu bainuen. Apirilean hasi nintzen elkarrizketak grabatzen eta abuztura bitarte aritu nintzen elkarrizketak egiten eta aldi berean gidoia idazten. Elkarrizketen aukeraketa bat egin behar izan nuen, bakoitzaren zati batekin. Gero fikziozko filmazioa egin genuen, urrira arte. Azkenik, nire asmoa zen dena nahastea, elkarrizketak eta fikziozko zatia.

Horren emaitza izan da Bitartean, gero. Nola deskribatuko zenuke lana?

Zientzia fikziozko film labur bat da, baina elkarrizketak ditu, eta elkarrizketa horiek errealak dira, gidoirik gabe egindakoak. Faltsua dena elkarrizketatzaileak dira; etorkizunetik etorritako ikertzaileak. Haien garaian galdu dituzten keinu eta emozioen bila etortzen dira gure denborara. Hori dela eta, elkarrizketatzen duten jendea eta haien arteko harremanak eta espresioak ikertzea da haien helburua. 

Nolako eragina izan du inguruak filmean?

Eragin handia izan du, izan ere, hasieratik argi nuen filma Baztanen aurkituko nuenari moldatzea nahi nuela. Aukeratutako elkarrizketak baztandarren emozio eta esperientzia errealak dira, eta horrek baldintzatzen du fikziozko trama guztia. Noski ni ez naiz bertakoa, baina Baztan ikusi dudan moduan irudikatzen saiatu naiz, nire esperientzia eta bizipenetik abiatuta. Lana bukatuta, bertako pertsona batzuei erakutsi diet eta esan didate ondo islatzen duela nolakoa den Baztan.

Baztanen grabatuak izan dira filmeko irudi guztiak. Mikel Godoy.

Eta nolakoa izan da baztandarren erantzuna prozesuan?

Erantzuna oso ona izan da. Egia da hasieran zaila izan zela, ez naiz herrikoa eta ez nuen hainbeste jende ezagutzen. Hori dela eta, emozioei buruzko elkarrizketak egiteko jendea behar nuela esatean, ez ziren ausartzen parte hartzera. Baina pixkanaka jendea ezagutzen hasi nintzen, eta horretan Ainara Unanuaren laguntza eduki nuen. Ekoizpen lanak egiten aritu zen Baztanen eta beraren bidez elkarrizketatzeko jendea aurkitu genuen. Biztanleria oso eskuzabala izan zen bere emozioak eta bizipenak partekatzen. Horrez gain, filmaketarako Baztango aktore bat izan genuen ekipoan, Josune Gorostegi, eta talde teknikoan ere hiru baztandar izan genituen. Fikziozko zatiak Baztango sei herritan filmatu genituen eta dokumental irudiak ere bertan grabatu ziren; natura, herriak eta jendea.

Lana plazaratzeko ordua duzu orain…

Bai, martxoaren 27an, ostirala, eginen dugu aurkezpena Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Geuretik Sortuak programarekin aurten ekoiztu diren lau film laburrak proiektatuko dira. Euskal Herriko 36 herritan eginen dituzte proiekzio hauek, baina nik Baztangoan bakarrik parte hartuko dut.

Zer eman dizu egonaldi honek?

Batez ere askotariko jendearekin, espero ez nuen jendearekin konektatzeko aukera, ideia eta pentsamendu ezberdinak dituztenak eta normalean ezagutuko ez nituzkeenak. Enpatia gehiago edukitzeko bide bat izan da. Elkarrizketa bakoitza ordu batekoa izan zen, eta denbora tarte horretan sakonki ezagutzen da jendea.

Zein dira zure asmoak etorkizunera begira?

Beste film bat editatzen ari naiz orain, eta bitartean Baztanen egindako film laburra jaialdietan banatzen arituko naiz. Ikusiko dugu zer nolako bidea egingo duen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun